EUSKADI.-Metroko zaindari bati eraso egin dion 19 urtekio mutil bat atxilotu dute Bilbon

Actualizado: lunes, 22 junio 2009 15:45

BILBO, 22 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 19 urteko mutil bat atxilotu zuten atzo Bilbon lesio eta atentatu delituak leporatuta, metroko zaindari bati eraso eta atxilotzera zihoazen agenteei aurka egin izanagatik. Zaintzaileak bidaiari bati hankak eserlekutik kentzeko, bidaiariak ez eragozteko eta bagoiko ateak ez kolpatzeko eskatzean jazo zen guztia. Ustezko erasotzaileak hainbat ukabilkada eman omen zizkion biktimari eta honek, ertzainak iritsi arte atxiki behar izan zuen, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldean gertatu zen guztia, 20:00etan, Bilboko metroko tren batean. Segurtasuneko zaintzaile batek bidaiari bati hankak eserleku gainetik kentzeko eta beste bidaiariei ez eragozteko eskatu zion. Trena San Inazioko geltokira iritsi aurretik, gizonezkoa bagoiko ateko leihoari ukabilez kolpatzen hasi zen. Zaintzailea bidaiaria identifikatzera zihoanean, honek hainbat aldiz ukabilkatu zuen biktima aurpegian eta lurrera bota zuen. Hala ere, zaindariak erasotzailea atxikitzea lortu zuen eta Ertzaintzari deitu zion.

Bertaratu ziren agenteek ustezko egilea identifikatu eta atxilotu egin zuten lesio delitu bat leporatuta, atentatu delitu bat ere egotzi zioten ertzainak kolpatzen ere saiatu zelako. 19 urteko atxilotua ertzainetxera eraman zuten bertan beharrezko izapideak burutzeko eta ostean epailearen esku jartzeko.