EUSKADI.-Microsoft konpainiak bihar jasoko du, Madrilen, I. Espainiar Estatuko Izaera Eleanitza Sustatzeko saria

Actualizado: martes, 24 febrero 2009 13:21

Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak, Galiziako Xuntak eta Balearetako Govern-ak eratu dute sari berria


BILBO, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak, Galiziako Xuntak eta Balear Uharteetako Gobernuak, hizkuntza-politikaren alorrean indarrean duten elkarlanaren baitan, Estatu espainiarreko izaera eleanitza sustatzera zuzendutako saria eratu dute, eta bere lehenengo edizioan Microsoft konpainiari ematea erabaki dute. Sari honen bitartez, pertsona, enpresa edota erakunde batek Estatuko hizkuntza aniztasunaren alde egindako lana aitortu nahi da.

Sari banaketa ekitaldia bihar eguerdian izango da, 12:30etan, Madrilgo Circulo de Bellas Artes elkartean. Ekitaldian izango dira, saritu gisa, Maria Garaña Microsoft Iberica-ko presidentea, eta lau gobernuetako hizkuntza politikaren buruak: Patxi Baztarrika (Eusko Jaurlaritza), Bernat Joan (Kataluniako Generalitat), Marisol Lopez (Galiziako Xunta) eta Margalida Tous (Balear Uharteetako Govern).

Saria, Euskadi, Katalunia, Galizia eta Balear Uharteetako gobernuek 2007. urteaz gero hizkuntza-politikaren alorrerako indarrean duten elkarlanaren baitan sortu da. Lau gobernuek hitzartu dute hizkuntz normalizazioa elkarrekin sustatzea eta hizkuntz politikarako alorretako elkarlana bultzatzea. Halaber, gaztelaniarekin batera ofizialak diren hizkuntzen erabilera eta aitortza instituzionala Estatuaren baitan sustatu nahi dute.

Elkarlan protokolo honen barruan eta UNESCOk bultzatuta iaz ospatu zen Hizkuntzen Nazioarteko Urtearen harira eratu zuten saria lau gobernuetako hizkuntza-politikarako goi arduradunek. Sariaren bitartez, urtero pertsona, erakunde edo enpresa bat sarituko da hizkuntzen aniztasunaren alde eta Estatuaren izaera horren alde edota gaztelaniarekin batera ofizialak diren hizkuntzen alde egindako lana.

Hizkuntz aniztasunaren aldeko sari hau ohorezko aipamena da eta ez dakar diru saririk. Lehenengo aldi honetan Microsoft enpresari eman zaio, teknologi berriak eta hizkuntzen aniztasuna uztartzeko egin duen lanagatik.

MICROSOFT

Microsoft-ek, lau gobernuetako hizkuntz politikarako sailekin elkarlanean, bere ekoizpenak Estatuko hizkuntza ofizial guzietan kaleratu ditu, eta Windows Vista sistema eragilea eta Microsoft Office 2007 softwarea euskaraz, katalanez eta galegoz prestatu ditu.

Alde horretatik, enpresak bere software eskaintza Estatuko hizkuntza ofizial guzietara egokitzeko egin duen lana aitortzen zaio. Egun Microsoft-ek gailegoz, katalanez eta euskaraz eskaintzen du Windows eta Officeko sistemak, hala nola Windows XP eta Office 2003, edota Windows Vista eta Office 2007.

Sariaren epaimahaiaren aburuz, "Informazio eta Komunikaziorako Teknologi Berriei esker denbora eta geografiaren mugak gaindi daitezke eta aukera ezin hobea eskaintzen zaie munduko hizkuntzei bere lekua izateko mundu-auzoko galaxia birtualean. Laster batean teknologiak herri garatuen eta azpigaratuen artean bereizteaz gainera, teknologien erabilerarengatik hizkuntzak garatu eta ez garatuen artean bereiziko dituzte. Horrexegatik da hain inportantea Microsoft-ek eman duen pausua. Egindakoagatik eman zaio saria".