EUSKADI.-Mila ikasletik gora izan dira ikasturte honetan Orioko Txurruka aterpetxean, Gipuzkoako Diputazioaren egonaldietan

Actualizado: jueves, 4 junio 2009 14:46

DONOSTIA, 4 Jun. (EUROPA PRESS) -

Mila ikasletik gora izan dira Orioko Txurruka aterpetxean 2008-2009 ikasturtean, Gipuzkoako Foru Aldundiak "Hire esku!" programaren barruan antolatutako egonaldietan. Ikasturtea amaitzear, Txurruka aterpetxera bisita egin du gaur Estibaliz Alkorta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendariak.

"Hire esku!" egitaraua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak eta Gazteria Zerbitzuak elkarrekin antolatutako programa da eta euskararen erabilera sustatzea du helburu nagusitzat. Jarduera, Orioko Txurruka aterpetxean egiten da eta bertan 3 edo 5 eguneko egonaldiak egiten dituzte B eta D ereduetako DBHko ikasleek, 13 eta 16 urte bitartekoek, hain zuzen ere.

Euskaraen erabilera sustatzeaz gain, beste helburu batzuk ere badituzte egonaldiek, besteak beste, internetek eta teknologia berriek euskara erabiltzeko zein aukera ematen dituzten ezagutzea, inguruko herriak ezagutzea, jolasen bidez kultura eta ezagupenak lantzea eta gazteek egiten ez dituzten talde kiroletan aritzea.

Esan bezala, gaur Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria izan dute bisitan aterpetxean zeuden Donostiako Mariaren Bihotza eskolako ikasleek. Hirugarren eta azken eguna zuten gazte hauek Txurrukan eta talde guztiek egonaldiaren amaieran egiten duten ebaluzioan, berriro ere itzultzeko gogoa azpimarratu dute.

Foru erakundetik jakinarazi dutenez, ikasturtea amaitzear dela, guztira 1.082 ikasle izan dira Orioko Txurruka aterpetxean "Hire esku!" programaren barruan. Ikasturtea amaitzerako, 1.157 izatea espero da, beste bi talde falta baitira oraindik egoanaldiaz gozatzeko.

Orain arte jasotako ebaluazioen arabera, ikasle zein irakasle gehienek, "oso posibotzat" jo dituzte bai egonaldia bera, bai aterpetxea, bai eta Ttakun kultur elkarteko begiraleek prestatzen dizkieten jarduerak ere.