EUSKADI.-Mondragon Unibertsitateak Mekanizazio Sisteman Modelizazioari buruzko Nazioarteko Biltzarra egingo du bihar eta etzi

Actualizado: miércoles, 6 mayo 2009 12:44

DONOSTIA, 6 May. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak Mekanizazio Prozesuen Modelizazioari buruzko XII. Nazioarteko Biltzarra antolatu du bihar eta etzirako Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian. Gaiari buruzko erreferentetzat hartzen den biltzar honetan bost kontinenteetako herrialdeetatik etorritako 210 profesionalek parte hartuko dute. Lehenengo bilera Atlantan (AEB) egin zen 1998. urtean.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, biltzarrean industriako, zentro teknologikoetako eta unibertsitateetako profesionalak bilduko dira eragiketen mekanizazioa eta ebaketa prozesuaren modelizazioan egindako azken aurrerapenak aurkezteko eta eztabaidatzeko.

Era berean, biltzarraren xedea da Ikerketa eta Garapen Teknologikoko unitateetako profesionalei modelizazioaren alorrean munduan egindako aurrerapenak ezagutaraztea eta enpresetako teknikariek erreminta honek eskaintzen dituen erabilera anitzak ezagutzea.

Hainbat teknika dago produktu bat fabrikatu edo lortzeko eta horri azalera edo dimentsio jakin batzuk emateko. Errendimendu handiko mekanizazio prozesuak funtsezkoak dira automobilgintza, aeronautika, makina-erreminta edota molde eta estanpa fabrikatzaileen sektoreetan. Sektore horiek guztiek pisu handia daukate industrializatutako gizarte baten ekonomian.

Mekanizazio sistemen modelizazioari esker, elementu edo sistema batek izango duen portaera fabrikatu aurretik simulatu daiteke. Horrela, simulazio horiek kontuan hartuta erabakiak hartu eta askotan oso altuak izaten diren kostuak murriztu daitezke. Gainera, hitzaldietan aurkeztuko diren prozesuen aurrerapenak baliagarriak izango dira prozesuen denborak murrizteko, izan ere, prozesu horien portaera aldez aurretik identifikatu baitaiteke simulazioaren bitartez.

Biltzarrak irauten duen bi egunetan garatuko den programan hainbat gai landuko dira, artean, ebaketa-erremintekin egindako 2D eta 3D-ko modelatu prozesuak edota mekanizazio metodoen optimizazioa Adimen Artifizialaren bitartez. Biltzarrean mahai-inguru bat ere egingo da bertan ateratako ondorioak eztabaidatzeko eta etorkizunean egin beharreko ikerketei zuzendutako gomendioak zehazteko.