EUSKADI.-Mongoliako musika tradizionaleko interpreteak ariko dira gaur iluntzean Donostiako Kursaalen

Actualizado: martes, 24 marzo 2009 11:48

DONOSTIA, 24 Mar. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Kursaal Fundazioak Mongoliako musika ezagutzeko aukera eskainiko du gaur iluntzean "Mongoliako abestiak eta musika. Gengis Khanen bidea" ikuskizunaren bidez. Hitzordua Kursaaleko Ganbera Aretoan izango da, 20:00etan, fundazio donostiarreko arduradunek jakinarazi dutenez.

Antolatzaileen esanetan, Mongoliako folkloreak agerian uzten du bertako populazioaren izaera ibiltaria, eta munduan parerik ez duten ezaugarriak ditu, esaterako, kantu difonikoa, zeinaren bidez abestean bi nota batera aireratzen diren.

Musika tradizional hori lantzen duten punta-puntako musikariek hartuko dute parte astearteko kontzertuan, besteak beste, Qi Bulag, Epi, Singe Dorch eta Byambajargal Gombodorjik. Mongoliako Errepublikako eta Txinako Mongolia Barrualdea probintziako musikariak dira. Kantu difonikoa menderatzen duten interpreteak ahotsaren akrobatak dira, bi armoniko batera abesteko gai baitira; batek baxua egiten duen bitartean, bestearekin melodia egiten da. Instrumentu aski bitxiak ekarriko dituzte, besteak beste, morin khour deitua, zaldi zurdekin egindako biola estiloko bat.