EUSKADI.-Mountain Bike.- Iñaki Lejarreta Munduko Kopan hasiko da lehiatzen datorren astean, Hegoafrikan

Actualizado: miércoles, 1 abril 2009 15:47

BILBO, 1 Abr. (EUROPA PRESS) -

Iñaki Lejarreta euskal txirrindulariA Hegoafrikan izango da datorren astean Mountain Bike-ko Munduko Koparen 2009ko edizioan parte hartzeko asmoz. Berrizko txirrindulariak lehentasuntzat jo du norgehiagoka hau nazioarteko denboraldiari begira, eta aurten, bere burua munduko bost txirrindulari onenen artean finkatzea du xede.

Lejarreta komunikabideen aurrean azaldu da gaur, Hegoafrikako Errepublikako Pietermaritzburg hirira abiatu baino, hantxe egingo baita, apirilaren 11n eta 12an, Mountain Bike modalitateko Munduko Kopako lehenengo norgehiagoka. Ekitaldia, eliteko euskal kirola sustatu eta babesten duen Fundazioaren BAT Basque Team markak antolatu du.

Nazioarteko Txirrindularitza Batasunak antolatzen duen Mountain Bike modalitateko Munduko Kopako zortzi probatan parte hartuko du ondorengo sei hilabeteotan. Norgehiagoka gehienak Europan egingo dira, Hegoafrikako eta uda hasieran Kanadan jokatuko diren beste bi probak izan ezik. Gainontzeko norgehiagoka guztiak Alemania, Belgika, Espainia, Suitza eta Austriako leku desberdinetan jokatuko dira. Munduko Koparen aurtengo edizioa Austrian amaituko da irailean 20an.

Munduko Kopako probez gain, Iñaki Lejarretaren nazioarteko denboraldiak beste lasterketa hauek ere barne hartuko ditu: uztailean Zoetermeer-en (Herbehereak) jokatuko den Europako Txapelketa eta irailaren hasieran Canberran (Australia) egingo den Munduko Txapelketa.

Iñaki Lejarreta (Berriz, 1983) Orbea Racing Team taldeko kidea da. Euskal bizikleta fabrikatzaileak babestutako talde hau munduko onena izendatu zuten 2008. urtean Mountain Bike modalitatean, eta Julien Absalon frantziar txapeldun olinpikoa du lasterkarien artean. Taldea Munduko Kopako taldekako sailkapenean nagusitu zen aurreko denboraldian.

Banakako norgehiagoketan, Iñaki Lejarretak ere 2008an lortu zituen orain arteko emaitzarik onenak: zortzigarren izan zen Val di Sole-n (Italia) jokatutako Munduko Txapelketan, eta zortzigarren postua lortu zuen baita Pekineko Olinpiar Jokoetan, olinpiar diploma eskuratuz.

Munduko txapelduna izan zen 2001ean junior kategorian, baina 2005 eta 2006 denboraldietan lehiaketetatik at egon behar izan zuen osasun-arazoak tarteko. Ondorengo urteetan, bilakaera bikaina izan du, eta aurtengo denboraldian, beste aurrerapauso bat egin eta Munduko Kopan txirrindulari onenen aurka borrokatzea espero du, Londresen jokatuko den 2012ko Olinpiadan parte hartzeko asmoz.

Lejarreta Saint Raphael-en (Frantzia) izandako kontzentrazio batetik itzuli berri da, taldearekin batera Frantziako Kopako lehen proban parte hartu ondoren. Azken asteotako prestakuntza-aldian, garaipena lortu du Cascanten (Nafarroa) jokatutako Caja Rural Trofeoko bigarren proban.