BILBO 20 Nov. (EUROPA PRESS) -
Bilboko Eliz Museoak larunbatean jarriko du martxan "Munduko Jaiotzak" erakusketaren laugarren ekitaldia. Erakusketa museoaren klaustroan dago eta urtarrilaren 11ra arte egongo da zabalik, sarrera doakoa izanik. Munduko leku gehienetako 250 jaiotzatik gora izango dira ikusgai erakusketan, museoko arduradunek gaur jakinarazi dutenez.
Jaiotzen gaia "aniztasun harrigarriaz" azaltzen da erakusketan, eta horixe da, hain zuzen ere, bisitariek ikusiko dutena: era askotakoak dira irudiak egiteko teknikak -zeramika tradizionala, artilea, kobrea, beira-; era askotakoak dira pertsonaien janzkerak, herrialde bakoitzeko ohituren araberakoak.
Museoko arduradunen arabera, "bereziki ikusgarriak dira" euskal kulturarekin parekotasun handirik ez duen Hegoaldeko Saharatik etorritako jaiotzak. Aurkezten duten jaiotzen kopuruari dagokionez, hegoamerikarrak nabarmentzen dira. Halaber, gehienbat musulmanak diren herrialdeetako, Ipar Afrikatik beste puntan dagoen Kirgizistanerainoko herrialdeetako jaiotza ugari ere ikusgai dago.
Europari dagokionez, Ekialdeko herrialdeen presentzia da nabarmena: Txekia, Bulgaria, Polonia, Lituania, Estonia, Errusia eta abar. Gainera, hurbilagoko jaiotza batzuk ere ikus daitezke.
Aurten bi berritasun garrantzitsu daude. Lehenengoa, Bizkaiko Jaiotzazaleen Elkarteko kideek egin duten neurri handiko (4 x 3,5 metro) jaiotza "bizkaitarra"; hemen eraikinak Euskal Herriko baserri desberdinak dira eta pertsonaiek baserritarren edota arrantzaleen jantziak daramatzate, eta pare bat neskek 'arin-arina' dantzatzen dute. Bigarren berritasuna, 160 jaiotzatik gora zintzilik dituen Eguberriko zuhaitza da. Herrialde askotatik datozen jaiotza txikiak dira.
Erakusketa osatzen duten jaiotza hauetako batzuk bilbotar bilduma pribatutik datoz, beste batzuk "Pueblos Hermanos / Herri Anaiak" GKEaren funtsetatik eta Santotxena Parke Museoa bilduma partikularretik (Bozate, Arizkun, Nafarroa); hauei guztiei Bizkaiko Jaiotzazaleen Elkartekoek egindakoa gehitzen zaie.
Museoa irektia dago asteartetik larunbatera, 10:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara; igande eta jaiegunetan 10:30etatik 13:30eta dago zabalikra. Abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da.