EUSKADI.-Mutil bat atxilotu dute Bilbon beste gazte bati sakeleko telefonoa lapurtzeagatik

Actualizado: lunes, 6 julio 2009 13:46

BILBO, 6 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 19 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizeko lehen orduetan Bilbon indarkeriaz lapurreta egin izana egotzita. Dirudienez, atzemandakoak beste gazte bati eraso egin eta sakelako telefonoa ostu dio, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak 5:15 aldera jazo dira Boluetako metroaren geltokiaren inguruetan, gazte batek beste bati eraso egin eta sakelako telefonoa lapurtu dionean. Segituan, biktimak Ertzaintza ohartarazi du.

Herritarren Segurtasunerako lanak betetzen ari zen Ertzaintzaren patruila bat bertaratu eta biktimarekin harremanetan jarri da. Agenteak metro geltokira joan dira eta, bertan, zenbait gazte aurkitu dituzte, tartean gertakarien ustezko egilea. Biktimak gazte hori ustezko lapurra zela jakinarazi duenez, agenteek hura identifikatu dute. Susmagarriaren aldamenean, lurrean botata, ostutako sakelako telefonoa aurkitu dute.

Hala, gaztea atxilotu eta Bilboko ertzainetxera eraman dute, indarkeriaz egindako lapurretaren delitu bat egotzita. Atxilotua Bilboko Guardiako Epailearen esku jarriko dute datozen orduotan, dagozkion polizia eginbideak amaitu ostean.