EUSKADI.-Naturgas Energiak Hernaniko industrialdera gasbidea eramateko lanak hasi ditu eta bi milioi euroko inbertsioa egingo du

Actualizado: lunes, 29 junio 2009 12:20

DONOSTIA, 29 Jun. (EUROPA PRESS) -

Naturgas Energiak Hernaniko (Gipuzkoa) industrialdera gasbidea eramateko lanak hasi ditu, eta bi milioi euroko inbertsioa egingo du horretarako. Hala, inguru horretan handitzen ari den gas naturalaren eskaera bete ahal izango da.

Erregulatze eta neurtze-estazio bat izango du Osinagan, eta bigarren mailako garraioko gasbidea, Hernani herritik igaro eta Eziago industrialdera iritsiko dena. Gasbideak 2,5 kilometroko luzera izango du, eta erregulatze eta neurtze-estazioaren bitartez oinarrizko sarearen Tolosa-Errenteria gasbidera konektatuko da (Tolosa-Errenteria gasbidea Naturgas Energiarena da).

Lanak lau hilabete irautea eta gasbidea urrian amaitzea aurreikusi du konpainiak, bere arduradunek prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Naturgas Energiak gasez eta elektrizitatez hornitzen ditu enpresak eta herritar partikularrak, azpiegitura propioekin, zortzi autonomia erkidego hauetan: EAE, Asturias, Katalunia, Gaztela eta Leon, Extremadura, Madril, Murtzia eta Nafarroa. Espainiako merkatuko gas-banatzailea izateaz gain, gas-garraiolari ere bada, eta gasa eta elektrizitatea saltzen ditu.

Naturgas Energia gas-horniketan liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan eta Asturiasen, eta bigarren elektrizitate-operadorea EAEn. 1.333 milioi euroko negozio-zifra izan zuen 2008an, eta 5.800 kilometrotik gorako gasbide-sarea du. EDP Taldeko Hc Energiako kidea da.