EUSKADI.-Naturgas Energiak ia 131 milioi euro irabazi zituen 2008an, aurreko urtean baino %30,5 gehiago

Actualizado: viernes, 6 marzo 2009 14:47

Iaz 88,2 milioi euro inbertitu zituen, eta azken hiru urteetako inbertsioa 284,2 milioi eurokoa izan da


BILBO, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

Naturgas Energia Taldeak 130,8 milioi euroko irabazi garbia izan zuen 2008ko ekitaldian, hau da, 2007koan baino %30,5 gehiago. Negozio-zifra %32 hazi zen, 1.333,4 milioi euroraino, eta EBITDA edo ustiapen-mozkina, berriz, %23 igo zen, 189,9 milioi euroraino.

Talde energetikoak gaur jakinarazi duenez, zenbait faktorek eragin dituzte "emaitza on" horiek, lehenik eta behin, banaketa eta garraioaren alorretako negozio arautuaren hazkunde handiak. "Inbertsio-politika ausarta izan du oinarri hazkundeak eta, horri esker, gora egin dute irabaziek. Jarduera komertzial bizi-biziak ere lagundu du, industriako bezero ugari erakarri baitugu, EAEtik kanpo batez ere", adierazi dute.

Bestalde, talde multinazional bateko partaide izateak dakartzan sinergiak "nabarmen areagotu ziren, eta eraginkortasun handiagoa" ekarri zioten Naturgasi. Taldearekin bat egindako enpresen integrazio erabatekoak ere izan du eraginik emaitzetan. Azkenik, enpresaren ondare higiezinaren berrantolaketak ere lagundu du emaitzak hobetzen; besteak beste, eraikin bat saldu zuen Donostian, eta Bilbon bezeroen arretarako lehengo bulegoa saldu eta Naturgas Energiaren egoitza berrirako eraikina erosi zen.

Halaber, horniketa-sarea hedatzeko prozesuarekin jarraitu du Naturgas Energia Distribucion-ek, eta %4 handitu du zerbitzuguneen kopurua (sektoreko batez bestekoa halako bi), 690.032raino, hots, Estatu espainiarreko merkatuan daudenen %10eraino. Iaz, beste bost udalerri gasez hornitzen hasi zen enpresa: Bizkaian, Dima eta Artea; Gipuzkoan, Ataun eta Berastegi; eta Sorian, Agreda.

Gainera, Naturgas Energia Transporte-k "bizi-bizi" jardun du azpiegituren eraikuntzan. Aipatzekoa da, besteak beste, Bergara-Irun gasbidea; lehen zatia, Bergara eta Zaldibia artekoa, 20 milioi euro kostatu da, eta amaitua da dagoeneko. Modu horretan, obra osoaren erdia baino gehiago egina dago jada. Soto de Riberan, berriz, hasia da jada Hc Energiaren ziklo konbinatuko zentralerako gas naturalaren hornikuntza.

284,2 MILIOIKO INBERTSIOA HIRU URTEAN

Bestalde, 88,2 milioi euro inbertitu zituen Naturgas Energiak 2008an, aurreko urtean baino %70 gehiago, batez ere azpiegiturak eraikitzen eta enpresak erosten. Azken hiru urteetan, beraz, 284,2 milioi euroko inbertsioa metatu du Naturgas Energiak, sare-hedapenean batez ere, bai banaketakoan, bai garraiokoan.

Hala, Naturgas Energia Distribucion y Transporte-ren sareak 5.519 kilometro zituen 2008ko amaieran: 5.519 kilometro banaketa-atalak, eta 351 kilometro garraiokoak, hots, Estatu espainiarreko gas-merkatuko %9,5eko eta %3,5eko kuotak, hurrenez hurren.

Bestalde, Naturgas Energia Comercializadora-ren emaitzei eutsi egin zien 2008an. Salmentak areagotzeari esker, batetik, marjina txikitu izana konpentsatu ahal izan da, tarifen igoera ez baita izan nahikoa lehengaiaren prezioa igo izana erabat konpentsatzeko; bestetik, krisiak industria-produkzioan duen eragina konpentsatu ahal izan da.

Enpresak merkaturatutako energia-bolumenak %36 egin zuen gora -26.770 GWh-, eta %51 gas-bezeroen kopuruak (628.294 dira jada). Antzekoak izan ziren merkaturatutako gas eta elektrizitate-bolumenen hazkundeak (%36 eta %31, hurrenez hurren), eta nabarmen egin zuen gora gas-bezeroen kopuruak; elektrizitateari dagokionez, lehengo berean geratu zen.

2009RAKO ERRONKAK

Naturgas Energiaren jarduerak hiru ardatz estrategiko izango ditu 2009. urterako. Alde batetik, banaketa eta garraio-sareen hedapena, bai hazkuntza organiko bidez, bai eta beste enpresa batzuk erosiz ere. Horrela, 2009an, inbertsioak %4 handitzekotan da taldea, 92 milioi eurora iritsiz.

Bestalde, jarduera komertzial geografikoki dibertsifikatua egiten jarraituko du, era guztietako bezeroekin, eta azkenik, negozio berriak sustatuko ditu, besteak beste, kogenerazio eraginkorra eta balio erantsi handiko zerbitzuak.

Naturgas Energiak gasez eta elektrizitatez hornitzen ditu enpresak eta herritar partikularrak, azpiegitura propioekin, EAE, Asturias, Katalunia, Gaztela eta Leon, Extremadura, Madril, Murtzia eta Nafarroan. Espainiako merkatuko bigarren gas-banatzailea da, eta gasa garraiatzen eta banatzen du merkatu arautuan; merkatu liberalizatuan, berriz, gasa eta elektrizitatea saltzen ditu.

Gas-horniketan liderra da Naturgas Energia Euskal Autonomia Erkidegoan eta Asturiasen, eta bigarren elektrizitate-operadorea EAEn. 5.800 kilometrotik gorako gasbide-sarea du, eta EDP Taldeko HC Energiako kide da.