EUSKADI.-Nazioarteko 18 aditu bilduko ditu igandetik Guggenheim Bilbao Museoak Asiako arte modernoaren eta garaikidearen inguruan

Actualizado: viernes, 29 mayo 2009 19:43

BILBO, 29 May. (EUROPA PRESS) -

Nazioartean ospetsu diren bi asiar artistari eskainitako "Cai Guo-Qiang: sinetsi nahi dut" eta "Murakami" erakusketekin batera, Guggenheim Bilbao Museoak Asian Art Council asiar arte batzordearen bigarren deialdiari harrera egingo dio igande honetatik ekainaren 2ra bitartean. Bertan, nazioarteko 18 aditu, arte arduradun, artista eta bildumagilek nazioarteko arte moderno eta garaikidearen testuinguruan asiar arteak bizi duen egoeraz jardungo dute, baita Guggenheim Sarea osatzen dutenak bezalako museo nagusietako erakusketa, hezkuntza eta eskuraketa programetan nola integratzen den.

"Asian Art Council-en biltzarra aldaketa aldi batean egiten da, nazioartean nabarmentzen ari den asiar arte moderno eta garaikidearen testuinguru sortu berria dela eta. Hala, Guggenheim Fundazioa posizio bikain batean dago nazioarteko arte ardura sistemaren barruan asiar arteak duen garrantzia zehazteko funtsezko zeregin honetan", esan du Alexandra Munroe New Yorkeko Guggenheim Museoko Asiako Artearen Arte arduradun nagusiak eta ekitaldi honen antolatzaile eta moderatzaileak.

Asian Art Council-en inaugurazio saioa 2007ko irailean izan zen New Yorkeko Guggenheim Museoan. Asian Art Council arte asiar batzordeak 'think tank' gisa dihardu, hots, arte arduradunak biltzen ditu asiar arte moderno eta garaikidearen inguruan Guggenheim Fundazioan egiten den lanaren oinarri intelektuala aberasteko asmotan, baita oraingo arte ardura lanaren funtsezko alderdiei buruz

eztabaidatzeko ere.

Hiru egun iraungo duen biltzarraren programa hainbat hitzaldik eta mahai-inguruk osatzen dute, baita jarraian izango diren solasaldi eta eztabaidek ere, guztiak parte-hartzaileen lankidetzarekin taxutu direlarik.

Asian Art Council-en bilerak gai hauen ingurukoak izango dira:

unibertsaltasuna, kosmopolitismoa edo "glokalismoa"; berrikuntza, irudimena eta sormenezko deseraikuntza; edo modernotasunari buruzko gaur egungo gogoetak Asian, diskurtso artistiko kritikorako teknologia berriei lotutako beste kontzeptu batzuez gainera.

Aldi honetan, Guggenheim Bilbao Museoan egingo da biltzar hau, eta bertako zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidartek, Guggenheim Fundazioaren Estrategia Globalerako zuzendari nagusi den aldetik, Abu Dhabin eraikiko den hurrengo Guggenheim Museoari buruzko aurkezpena egingo du.

Biltzar honetako saio eta jarduera guztiak ateak itxirik egingo dira, mahai-inguru bat izan ezik, Museoko Entzungelan ekainaren 1ean 19:00etan egingo dena: "Asiar Arte Garaikidea eta Nazioarteko Bienalak". Bertan, artean aditu eta Asian Art Council-eko kide diren

David Elliott, Hou Hanru eta Jack Persekian nazioarteko erakusketa bienalen antolakuntzari buruz arituko dira eta mendebaldekoa ez den artea testuinguru globalean aurkezteko moduari buruz dituzten iritziak azalduko dituzte. Publikoa doan bertaratu ahal izango da eta moderatzailea Alexandra Munroe izango da.