EUSKADI.-Nazioarteko profesional ospetsuek liburutegien kudeaketa eredu berritzaileei buruz ariko dira gaur eta bihar Bilbon

Actualizado: jueves, 26 febrero 2009 12:07

BILBO, 26 Feb. (EUROPA PRESS) -

Alhondiga Bilbao zentroak berriz ekin die prestakuntza jardunaldiei, kasu honetan liburutegiei buruz hitz egiteko. Horretarako, nazioarteko aditu ospetsuek liburutegiak kudeatzeko zenbait eredu berriri buruz hitz egingo dute gaur eta bihar egingo diren jardunaldietan, "Herritarrak eskatzen badu, liburutegiak erantzun egiten du" izenburupean. Jardunaldiak Bilboko San Frantziskoko Gizarte Etxean izango dira.

"Eredu berri honek gainditu egin behar ditu hedapen kulturalari lotutako ohiko funtzioak, herritarren beharrizan, ohitura eta eskariekiko identifikazioa indartzen duten mota guztietako zerbitzuak sartuz eta xede duten komunitatearen gizarte-dinamikan modu eraginkorrean inplikatuz", antolatzaileek jakinarazi dutenez.

2010ean irekitzen denean, Alhondiga Bilbaok 4.000 metro koadroko mediateka bat izango du. Bilboko Udal Liburutegien Sarean egongo da integratuta, eta, hain zuzen ere, herritarren eskari berri horiei erantzuten saiatuko da.

Jarduera honekin, Alhondiga Bilbaok aurrera jarraitzen du ezagutzak eta hausnarketak elkartrukatzen, bilbotar gazteen artean eta gainontzeko herritarren artean irakurketa-ohiturak finkatuko dituzten metodo berriak sustatzeko. Beste behin ere, jarduera honetarako, Alhondiga Bilbaok German Sanchez Ruiperez Fundazio ospetsuaren, ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartearen eta BBKren lankidetza izan du.

Jardunaldiok bihar eta etzi egingo dira Bilbon, San Frantziskoko Udaltegian, 'hotik at' programaren barruan (Alhondiga Bilbaoren eraikinetik kanpora egiten diren jarduerak). Aipatutako programari esker, zenbait jarduera egingo dira hiriko hainbat espaziotan. Alhondiga Bilbaok ez ditu 2010era arte bere espazio guztiak martxan izango, baina, bien bitartean, 'hotik at' programak erantzuna emango die herritarrek ahalik eta arinen zentroaz gozatzeko azaltzen dituzten asmoei.

German Sanchez Ruiperez Fundazioa da jardunaldien antolatzaile-kidea. German Sanchez Ruipérez Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, Espainiako Kultura Ministerioak aintzatetsia eta 1981eko urrian eratua. Bere helburu orokorra jarduera kultural mota guztiak, eta, bereziki, liburuak eta irakurketa sortu, sustatu eta garatzea da. Fundazioak hiru egoitzatatik garatzen ditu bere programak: Madril, Salamanca eta Peñaranda de Bracamonten daude egoitza horiek.