Euskadi norako turistiko lehiakorragoa bihurtzea bilatuko du Euskal Turismoaren Plan Estrategikoak

Planaren aurkezpenean izan diren arduradun politikoak
Foto: IREKIA
Actualizado: miércoles, 26 febrero 2014 13:53

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Euskal Turismoaren Plan Estrategikoa 2020 aurkeztu da gaur, otsailaren 26an, Bilbon, eta, besteak beste, Euskadi norako turistiko lehiakorragoa bihurtzea izango da bere helburu nagusietako bat.

   Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak aurkeztu du plana, Eusko Jaurlaritzaren datozen urteetako garapen turistikoko politika gidatuko duena, eta ehun erakunde publiko eta pribatu baino gehiagok parte hartu izana nabarmendu du. "Herriaren plana da, ez bakarrik gobernuarena", azpimaratu du.

   Tapiarekin batera, Merkataritza eta Turismo sailburuorde Itziar Epalza, Turismo zuzendari Mertxe Garmendia, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Arantza Madariaga, eta foru aldundietako eta udaletako ordezkariak izan dira aurkezpenean.

   Planaren helburu nagusia, aipatu bezala, Euskadi helburu turistiko lehiakorragoa bihurtzea da, "sektorea profesionalizatuago bihurtuz eta errentagarriagoa eginez", herrialdearen jarduera ekonomikoan garrantzi gehiago izan dezan. Turismoa "alderdi estrategikoa" da euskal ekonomian, eta sektore dinamikoa oso, 2000tik hona hazi besterik ez baita egin, BPGren %5,6 izatera igaro arte.

   Beste helburuen artean, enpresa turistikoen lehiakortasuna areagotzeari buruzkoa nabarmendu du Tapiak, Euskadi helburu desberdindu eta adimentsu gisa hauteman dadin, eta enplegu nahiz aberastasun gehiago sorraraz ditzan, beste sektore batzuen jarduera ekonomikoa bultzatzeaz gain.

DIAGONOSTIKOA

   Planak egin duen egoeraren diagnostikoaren arabera, Euskadi "ibilbide laburreko helburu turistikoa da oraindik", gero eta garrantzitsuagoa izan arren. "Datozen urteetan, ikusgarritasun eraginkorragoa lortu beharko du Euskadiko eskaintzan interesatutako bidaiariei dagokienez, alegia, Turismoaren Munduko Erakundearen arabera, 2020an munduan zehar ibiliko diren 1.600 milioi pertsonentzat ikusgarri izan behar gara", adierazi du.

   Planak hamar helburu zehazten ditu: Euskadiko enpresa turistikoen lehiakortasuna areagotzea; turismoak Euskadin aberastasuna sortzeko egiten duen ekarpena areagotzea; Euskadi helburu bakar eta bereizi gisa posizionatzea; Euskadiren marka turistikoak lehentasunezko merkatuetan duen nabaritasuna areagotzea; Euskadira datorren bidaiarien kopurua areagotzea; bidaiarien gastua areagotzea.

   Halaber, Euskadik kudeaketa turistiko jasangarrirako eredua edukitzea; Euskadiko industria turistikoaren eta turismogunearen monitorizazioa, kudeaketa eta jarraipena egitea ahalbidetuko duen informazioa eskuratzea; bidaiariek maila handikoa iriztea hautemandako kalitateari; eta Euskadira datozen bidaiariak gogobetetzeko eskaintza eskaintzea dira beste helburuak.