EUSKADI.-Osakidetzak 27 operazio kirurgiko egin ditu robotika-kirurgiarekin urtarriletik

Actualizado: miércoles, 18 marzo 2009 13:19

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Osakidetzak 27 operazio kirurgiko egin ditu robotika-kirurgiarekin "Da Vinci" ekipamendu berriak urtarrilean Basurtu (Bizkaia) eta Txagorritxu (Araba) ospitaleetan ezarri zirenetik. Donostia Ospitaleak ere ezarriko du teknika kirurgiko berri hori apirilaren azken astean, eta horrela euskal osasun publikoko sistemak diseinatutako programa burutuko da.

"Osakidetza, honela, Estatu osoko aplikazio terapeutikoetarako robot kirurgiko gehien duen osasun-zerbitzu publiko bihurtu da. Gaur egun, Estatu osoko bederatzi klinika eta ospitalek dituzte robot kirurgikoak", azaldu dute gaur Osakidetzako iturriek prentsa ohar bidez.

Orain arte prostatektomia erradikaleko operazioak egin dira, prostatako minbizia tratatzeko operazioak. Operazio horiek dira bigarren ohikoenak gizonezkoen artean. Anexektomia bat ere egin da, obulutegiko tumorea tratatzeko operazioa.

Arazorik ez dela izan inoiz eta batez besteko ospitaleko egonaldia sei egun baino gutxiagokoa izan dela azaldu dute Osakidetzatik. Robotika-kirurgiaz operatutako pazienteen batez besteko adina 63,2 urtekoa izan da Osakidetzako aipaturiko bi ospitaleetan. Donostia Ospitalean ere hasiak dira jada, batez ere, espezialistak, urologoak, ginekologoak eta zirujauak prestatzen.

Bide teknologiko horri esker doitasun milimetrokoa bermatzen da operazioetan, eta kirurgiaren eragina "nabarmen murrizten pazienteengan". "Operazioak ez dira hain mingarriak eta infektatzeko arrisku gutxiago eta odol-isuri gutxiago dago. Horrek guztiak azkarrago sendatzen laguntzen du, eta operazioen bigarren mailako efektuak gutxitzen", adierazi dute.

Robotika-kirurgia hainbat eremutan erabiltzen da. Batez ere urologian erabili arren, laparaskopia erabiltzen duten espezialitate guztietako operazioetan ere erabil daiteke robot kirurgikoa, esaterako, ginekologian, kirurgia orokorrean toraxeko eta bihotzeko kirurgian, eta pediatriako kirurgian eta otorrinolaringologian.

Ekipamendu berriak kontsola bat eta robot kirurgiko bat ditu, eta kontsolak bistaratze tridimentsionaleko sistema eta aginte ergonomikoak, zirujauak mugimenduak kontrolatzeko erabiltzen dituena. Robot kirurgikoa operazio-mahaian dago. Robot kirurgikoa betiko instalatzen da operazio-gelan, eta osasun-zentroko zirujau-taldeei dagokie bere erabilera antolatzea.