EUSKADI.-Pagasarribide ikastetxeko jolastoki eta sarbideak guztiz berritu ditu Bilboko Udalak, 450.000 euro inbertitu ondoren

Actualizado: viernes, 24 julio 2009 18:12

BILBO, 24 Jul. (EUROPA PRESS) -

Pagasarribide ikastetxeko jolastokiak eta barneko sarbide nahiz ibilbide-sistemak guztiz berriztu ditu Bilboko Udalak. Gainera, ikastetxerako sarbide nagusi berria egin da eta, horrenbestez, nabarmen hobetu dira irisgarritasuna nahiz ikastetxea osatzen duten espazio desberdinen arteko mugikortasuna. 450.000 euro baino gehiago balio izan duen jarduera honen abantailetako bat da Pagasarribideko ikasleak errazago iritsiko direla ikastetxera, sarbide nagusira heltzeko eraikinari buelta eman beharrik gabe, gehienak Miribillan eta San Adrianen bizi baitira.

Bilboko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, lanak egin baino lehenago, malda handiko kokalekuan dagoenez, Pagasarribide ikastetxeak arkitektura-oztoporik gabeko sarbide bakarra zuen, eraikinaren albotik igarotzen den errepidetik urrun. Eskola-garraioko autobusek ere sarbide hori erabiltzen zuten. Bestalde, ikastetxeko sarbide nagusia gorago zegoen (zehazkiago lehen solairuaren maila berean), ikastetxearen atzeko aldean baita ere.

Hezkuntza-eremuko barne-komunikazioa ere nahiko txarra zen, maila desberdinen artean mugitzeko neurri nahiz ezaugarri desegokiak zituzten eskailerak eta arrapalak erabiltzen baitziren. Gainera, jolastoki gehienek mailen arteko alde handiak zituzten eta, horren ondorioz, zati handiak ezin ziren erabili.

Horren guztiaren ondorioz, zailegia zen eskola-eremura sartzea, barnetik ibiltzea eta ekipamendu-eraikinetara iristea, eta irisgarritasun-eragozpen handiak izaten zituzten ikasle, irakasle nahiz bertako biztanleek.

Pagasarribide ikastetxearen kokalekuko topografiaren zailtasuna eta konpondu beharreko arazoaren konplexutasuna zirela medio, lau aukera desberdin aztertu ziren behin betiko proiektua prestatu aurretik. Prozesu horretan, abantailak eta desabantailak aztertzeko bilerak egin ziren ikastetxeko ordezkariekin eta, azkenean, behin betiko erabakia hartu zen, Eskola Kontseiluan adostua.

Onartutako proposamenean, Pagasarribideko zuzendaritzak nahiz gurasoen elkarteak egindako hainbat eskari jaso dira: lur-mailak berdintzea eta zolatzea (batez ere umeentzako jolas-eremuetan) eta, San Adrian zein Miribillatik etortzen direnentzat, arkitektura-oztoporik gabeko sarbideak egitea.

HOBEKUNTZA LANAK

Lanen esleipena jaso duen enpresa kontratatzeko prozesuarekin batera, udal arduradunek lanean jarraitu zuten arkitekturari, funtzionaltasunari eta ekonomiari zegokionez konponbiderik onena aurkitzeko, beti proiektua prestatu zuten laguntza-teknikariekin, ikastetxeko zuzendaritzarekin eta gurasoen ordezkariekin koordinatuta. Oro har, berriz urbanizatu dira jolastokiak, hormak, sarbideak, larrialdietarako eskailera eta jolasen eremuak.

Lehenik eta behin, berritu beharreko espazio nagusiak argitu eta sinplifikatu egin dira: ikastetxeko jolastoki nagusiari atxikitako plataforma horizontala eta jolastoki txiki gisa erabiltzen den bigarren plataforma bat, ikastetxearen lehen solairuaren mailan kokatua. Ikasle gehienen bizitoki den aldean (San Adrian eta Miribilla) kokatutako sarbide berriaren alboan dago jolastoki berri hori.

Aipatutako bi plataformen arteko komunikazioa hormigoizko eskailera berri baten bidez egiten da orain, lehen zegoen egitura metalikoaren ordez jarri dena.

Gainera, sarbide berritik ikastetxeko sarbide nagusira joateko aukera dago, malda txikia duen oinezkoentzako kale baten bidez eta, beraz, irisgarritasunaren arazoa konpondu da mugikortasun urria duten pertsona guztientzat nahiz umeen orgatxoak daramatzatenentzat.