EUSKADI.-Pilar Carbonero Biokimikako katedradunak gizakien kontrolpeko landareen bilakaeraz hitz egingo du gaur Bilbon

Actualizado: jueves, 19 febrero 2009 11:21

BILBO, 19 Feb. (EUROPA PRESS) -

Gizakiek laborantza geroz eta gehiago menperatzearen ondorioz baldintzatutako laborantza motak espezie begetalen garapenean duen eragina izango du ardatz Pilar Carbonerok Bilbon gaur arratsaldean emango duen hitzaldiak. Eboluzioaren Teoriaren aita den Charles Darwinen jaiotzako 200. urteurrena ospatzeko Bilbon antolatu den hitzaldi zikloaren hirugarren hitzaldia izango da Carbonerorena.

Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Goi Ingenieritza Agronomo Eskolan Biokimikan eta Biologia Molekularrean katedraduna da Pilar Carbonero, eta bere hitzaldia Bidebarrieta Kulturgunean izango da eta 19:30etan hasiko da, ekimenaren antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Hizlaria landareen genetikan berezitua da eta bi hamarkada baino gehiago daramatza transgenikoen laborantza mota ikertzen, eta laborantza mota honen defendatzaile sutsua bezala agertzen da mugimendu ekologisten aurrean. Saioaren aurkezpena Felix Goñi Biokimikako katedradunak eta EHUko Biofisika Saileko eta Ikerketa Zientifikorako Kontseilu Nagusiko zuzendariak egingo du.

Charles Darwinen jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko Bilbon antolatu den hitzaldi zikloaren hirugarren solasaldia da hau. Bilbora diziplina zientifiko ezberdinetako nazioarteko hainbat ikerlari ekarriko ditu zikloak eta Espezieen Eboluzioaren Teoria izango da ardatza.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak, 'El Correo'-k, Circulo Escéptico-k, EHUko Biofisoika Sailak, CSICek eta CIC bioGUNE-k elkarlanean antolatu dute zikloa. Izan ere, aurten zientzilari ingelesaren jaiotzaren 200. urteurrena izateaz gain, Espezieen Jatorria bere teoria ezagun eta aurrerakoiaren 150. urteurrena ere bada.

Hurrengo hitzaldia otsailaren 25ean izango da, "Charles Darwin: su obra y su mundo" izenburupean, eta Jose Manuel Sanchez Ron Zientzia Historialariak eta hizkuntzalariak emango du. Aurkezpena Jose Maria Mato CIC bioGUNE eta CIC biomaGUNEko zuzendariak egingo du.