BILBO 20 Nov. (EUROPA PRESS) -
Egindako bidea besteekin partekatzeko asmoz, Kulturaren Euskal Behatokiak Nazioarteko Kultura Behatokiekin II. Lan-jardunaldiak antolatu ditu azaroaren 24 eta 25ean Bilboko Euskalduna Jauregian. Gaur egungo kultur politiken eztabaida nagusien gaineko ezagutza partekatzea eta ezagutza berriak sortzea helburu, jardunaldi hauek baliagarriak izango dira Quebec, Frantzia, Piamonte, Katalunia, Galizia eta Euskadiko kulturaren behatokientzat.
Izan ere, Kulturaren Euskal Behatokitik adierazi dutenez, kultura-errealitatearen behaketaren erronken eta zailtasunen konponbideek eta behatoki bakoitzaren ikuspegiak ezaugarri eta ñabardura bereziak dituzte, eta, seguruenik, baliagarriak izan daitezke beste behatokientzat.
Hala, behatoki eta erakunde hauek gonbidatu dira:
Observatoire de la culture et des communications du Quebec (Quebec);
Departement des etudes, de la prospective et des statistiques (DEPS, Frantzia); Osservatorio culturale del Piemonte (Piamonte); Kataluniako Generalitateko Kultura Saila; Galiziako Xuntako Kultura eta Kirol Saila.
Kulturaren Euskal Behatokia sortzean eman zitzaizkion funtzioak betetzeko oinarri kontzeptualak eta operatiboak finkatzea izan da bere lan nagusia orain artean, hots, euskal kulturaren informazio-sistema eratzea, harremanetan eta lankidetzan oinarritutako planteamendu batetik abiatuta; batetik, era honetako erakunde baten erdigunea informazio-sistema izan behar duelako, eta, bestetik, komunikazio eta harremanak, lan egiteko modu garden eta lankidetzan oinarrituaren adierazgarri.