EUSKADI.-Saltoki batean bildutako dirua osten saiatu eta tirakada eginez zorro bat lapurtu duen gizon bat atxilotu dute Gasteizen

Actualizado: miércoles, 22 julio 2009 15:00

GASTEIZ, 22 Jul. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 23 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Gasteizen indarkeriaz egindako lapurretaren bi delitu egotzita. Atxilotua saltoki batean osten saiatu zen, eta bertako langile bati taula batez eraso egin zion. Ondoren, emakumezko bati poltsa lapurtu zion tirakada eginez, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldean, 15:00ak jotzeko minutu gutxi falta zirela, gizon bat saltoki batean lapurtzen saiatu zela jakin zuen Ertzaintzak. Dirudienez, dendan sartu ostean, kutxako dirua eman ziezaioten eskatu zuen, eta bertan lan egiten ari zen emakume bati metro bateko luzerako taula batez buruan eraso egin zion. Langilea Santiago Ospitalean artatu behar izan zuten.

Minutu batzuk geroago, dendan lapurtzen saiatu zen pertsonaren deskribapenarekin bat zetorren gizon gazte bat ikusi zuten agenteek Herrandarren kalean. Beste pertsona batzuekin borrokan zebilen, eta horietako batek ertzainei jakinarazi zienez, gazteak zorroa lapurtu berri zion tirakada eginez Frantzia kaletik zihoanean. Biktimak poltsa berreskuratu ahal izan zuen, baina diru-zorroa falta zen. Agenteek baieztatu zuten ustezko delitugileak emakumezkoaren diru-zorroa zeramala.

Ebidentzia horien aurrean, gizonezkoa atxilotu zuten bi lapurreta horietan nahasita egoteagatik. Atzemandako gaztea aurretik beste 16 aldiz atxilotu izan dute.