EUSKADI.-Shackletonek Antartidara egin zuen espedizioari buruzko egitaraua hasiko du gaur Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak

Actualizado: martes, 5 mayo 2009 13:09

BILBO, 5 May. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak Shackletonek 1914an Antartidara egin zuen espedizio ospetsuari buruzko dokumentalen eta bisita gidatuak (aparteko gonbidatuek gidatuta) hasiko ditu gaur. Ekitaldi bietarako sarrera dohainik izango da, museo bilbotarreko iturriek jakinarazi dutenez.

Bidaia hau da Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan uztailaren 12ra arte ikusgai egongo den "Izotzetan harrapatuta" erakusketaren gaia. Erakusketak, gai didaktiko eta interaktibo ugarien artean, 'Endurance' itsasontziko espedizionariek bizi izan zuten epopeiaren izaria erakusten duten Frank Hurley argazkilariaren jatorrizko 167 irudi biltzen ditu.

Bestalde, dokumentalen emanaldiak Bilboko Itsas Museoaren Auditorioan izango dira, gaur hasi eta datozen astearteetan, eta lau filmek osatuko dute: gaur eta ekainaren 2an ere, George Butlerren "Izotzetan harrapatuta" (2001); maiatzaren 12an, "Antartida: izaera ezberdindun abentura", John Weileyrena (1999); maiatzaren 19an, Frank Hurleyren "South, Shackletonen espedizioaren jatorrizko pelikula" (1919); eta maiatzaren 26an, Werner Herzogen "Munduaren amaierako topaketak" (2007). Emanaldiak 19:00etan izango dira.

Halaber, "Izotzetan harrapatuta" erakusketarako bisita gidatuen sailaren egitaraua ostegunean hasiko da eta anfitrioia "Izotzetan harrapatuta" erakusketaren komisarioa den Jeronimo Lopez izango da. Bisitaren izenburua, "Beroketa globala. Zer gertatzen da poloetan?" da.

Maiatzaren 14ko anfitrioia Unai Basurko nabigatzailea izango da, "James Caird-en ibilia: nabigazioaren balentria heroikoa" deritzon bisitarekin. Maiatzaren 21ean, bisita gidatuaren protagonista Jose Carlos Tamayo alpinista izango da, "Antartidako erronka: "Ez dugu bizi bat bera ere galdu eta infernutik ibiliak gara" izenburuarekin.

Bisita gidatuak 19:00etan hasiko dira. Sarrera doakoa izango da, baina lekua mugatua denez, erreserba egin beharko da Bilboko Itsasadarra Itsas Museora deituz (94 608 55 00).

"Izotzetan harrapatuta" erakusketarekin harremanetan dauden kultur jarduera hauek, Psikologian doktorea den Roberto Quirogak maiatzaren 28an emango duen, "Lidergoa: iragana, oraina eta etorkizuna" izenburuko hitzaldiarekin osatuko da.