EUSKADI.-Spectrum, The Legendary Tiger Man eta Gora Japon taldeek joko dute martxoaren 26an Donostiako Gazteszena aretoan

Actualizado: viernes, 20 marzo 2009 14:56

DONOSTIA, 20 Mar. (EUROPA PRESS) -

Spectrum, The Legendary Tiger Man eta Gora Japon taldeen kontzertua izango da martxoaren 26an Donostiako Gazteszena aretoan, 20:30etatik aurrera. Sarrerak 7 euroko prezioa izango du, saioa antolatu duen Gaztemaniak! programako arduradunek jakinarazi dutenez.

Sonic Boom ezizenez da ezaguna Peter Kember, hots, Spacemen 3 musika hipnotikoa egiten zuen talde britainiarreko abeslari eta gitarra-jotzailea. Talde hura, Loop, My Bloody Valentine edo Sonic Youth bezala, noise estiloaren adierazpen gorenetakoa izan zen, eta azken hamarkadako pop eta rock alternatiboaren eragin nagusietakoa da oraindik ere.

Bi buruko izakia bailitzan sortu zen Spacemen 3 (Sonic Boom eta Jason Pierce), baina helburu bakar batekin: esperimentatzea. Horrela, kaosaren teorian bezala, arima guztiz ezberdinduak garatu ziren, baina itxuraren aldetik antzekotasun handikoak. Jason Piercek Spiritualized taldea osatu zuen, eta ospearen gailurra eta milaka libera erdietsi zituen.

Sonic Boomek, berriz, Spectrum proiektuari ekin zion, nolabait esatearren bere alderdi rockeroena agertuz, eta EAR (Experimental Audio Research) ere sortu zuen. Spectrum proiektuan bost disko kaleratu ditu, eta azkena "On the wings of mercury" da. Kritikarien aburuz, Spectrum taldearekin kaleratutako diskorik goraipatuena den "Highs, lows and heavenly blows" diskoaren eta Spaceman 3rekin grabatutako "Perfect prescription" lanaren arteko erdibideko obra da "On the wings of mercury".

Orain, hamar urte baino gehiagoren buruan Europara itzuliko da Sonic Boom, AEBetan eta Japonian izandako arrakastaren ondoren, Spacemen3 eta Spectrum taldeen garaiko abesti klasikoak eta taldekide berriekin kaleratuko duen hurrengo diskoko abestiak eskaintzen dituen emanaldi batekin.

Bestalde, The Legendary Tiger Man Portugaldik etorritako Paulo Furtado gizon-orkestra da, bere musika entzutean batek baino gehiagok Mississipiren deltan jaio zela pentsatuko duen arren. Bluesari ekiteko berezko modua du, eta hari, haize eta perkusiozko instrumentu anitz nahi bezala eta aldi berean jotzeko trebezia izugarria dauka.

Azkenik, Gora Japon 2005eko bukaeran sorturiko rock taldea da. Inprobisazioak eta erritmoak garrantzi handia dute bere emanaldietan, eta rock eta funk egituretatik abiatuz, zati abstraktoagoetara pasa daitezke kantu berean, tentsio uneak, kaosa eta isiltasuna uztartuz.

Myriam bateria eta ahotsa eta Jon gitarra eta ahotsa dira Gora Japon. Formatu ezohikoa izateak gauza berriak frogatzera bultzatu ditu lehen kontzertuetatik: sanplerrean erabilera edo kantuen egiturak aldatzera. Hala ere, bi instrumentuk bakarrik emandako minimalismo hori beren ezaugarrietako bat da. Eraginen artean, rock, new wave, funk, musika afrikarra edo jazza aipa daitezke.