Aviso: Esta noticia tiene más de un año. Última actualización: 11/03/2010 11:56
Sprilur erakundeak Britainia Handiko esperientzia arrakastatsuan oinarritutako enpresa-eremuak kudeatzeko eredu berri bat aurkeztu du. Britainia Handian esparru publiko eta pribatuaren arteko lankidetza proiektuak burutu dira hirietako merkataritza-gune eta industrialdeetan azpiegiturak eta zerbitzuak suspertzeko, kontserbatzeko eta ezartzeko.
Spri, S.A.ko Azpiegitura Saileko zuzendariorde nagusi eta Spilur S.A.ko zuzendari nagusia den Jose Manuel Iturratek gaur aurkeztu du kudeaketa eredu berri hori, Sprilur erakundeak zuzentzen duen Europako Mitke proiektuaren barruan.
Sprilurrek UK BIDS (Business Improvement Districts) elkarteko Jacquie Reylli eta Mo Aswat gonbidatu ditu, kudeaketa sistema hori zertan datzan azal dezaten eta gure herrialdeko azpiegitura industrialen kudeaketan eta sustapenean nola aplikatu daitekeen azter dezaten. BID edo Enpresa-eremuen Hobekuntza ereduak AEBetan du jatorria eta handik Europara iritsi zen, Erresuma Batura lehenik eta Herbehereetara eta Irlandara ondoren.
Hizlariek azalduko dute nola funtzionatzen duen Erresuma Batuko kudeaketa eredu berritzaileak, zein esperientzia izan duen beste leku batzuetan eta zeintzuk diren Euskadin proiektu arrakastatsu bat garatzeko giltzarriak. Eusko Jaurlaritzak, EAEko foru aldundiek, eskualdeetako garapen agentziek, Estatuko zoruaren kudeaketaz arduratzen diren elkarte publikoek, Ibarzaharra elkarteak, udal ezberdinek eta teknologia parkeek parte hartuko dute.
Bestalde, proiektuko bazkideak diren Labein-Tecnalia eta Institut Catalá del Sol-ek proiektu hori martxan jartzeko funtsak aztertuko dituzte ikuspuntu tekniko, juridiko eta finantzariotik.
MITKE proiektuan (Managing the Industrial Territory in the Knowledge Era) Erresuma Batuko, Irlandako, Italiako, Poloniako, Hungariako, Errumaniako eta Espainiako eskualde mailako hamar garapen agentziak parte hartzen dute, esperientziak, praktika onak eta kudeaketa eredu berriak aztertu eta trukatzeko hiru urtean.
Proiektuaren helburua da enpresa-eremuen kudeaketa eta garapena hobetzeko ekintzak martxan jartzea. MITKE proiektuaren lan-ildoak lehentasunezko bi puntu hauetan oinarritzen dira: "Ezagutzaren Ekonomia eta Berrikuntza" eta "Ingurumena, Garapen Iraunkorra eta Arriskuen Prebentzioa".