EUSKADI.-Suitza, Italia-Danimarka, Txekiar Errepublika eta Poloniako taldeak ariko dira Getxoko 33. Jazzaldiaren Talde Lehiaketan

Actualizado: martes, 17 marzo 2009 13:29

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxoko 33. Jazzaldiaren Talde Lehiaketan parte hartuko duten taldeak dagoeneko hautatu dituzte. Aurten 53 taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta horien artean lau aukeratu ditu epaimahaiak: Tobias Meinhart Quartet (Suitza), Vitale-Magatelli-Winfield Trio (Italia-Danimarka), Points (Txekiar Errepublika) eta Biotone (Polonia). Aukeratutako taldeak uztailaren 1etik 4ra arituko dira Getxon lehiaketako lehen saria eskuratzeko.

Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten, Europako 14 herrialdetako taldeek parte hartu dute lehiaketan. Espainiak, Alemaniak, Frantziak eta Suitzak aurkeztu dute talde kopururik handiena, Suediaren, Holandaren, Poloniaren eta Norvegiaren aurretik, besteak beste. Ohikoa denez, hautatutako lau finalistek esku-dirua jasoko dute, 1.000 eta 2.000 euro artekoa, kontzeptu guztiak barne (bidaia, egile-eskubideak eta abar); egonaldia ere antolakundearen esku egongo da.

Finalistek jaialdiaren lehenengo lau egunetan parte hartuko dute, hurrenez hurren, eta irabazleak berriro joko du azken egunean. Sariei dagokienez, 3.000 euro jasoko dituzte irabazleek eta disko bat grabatuko zaie zuzenean; bigarren sariari 1.200 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 600 euro irabaziko ditu. Sariez gain, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Ibizako (Espainia) jazzaldietan parte hartuko dute, Getxo Jazzek horiekin duen akordioari esker.