EUSKADI.-Taberna batean lapurtzen harrapatu dituzten bi gizon atxilotu dituzte Bilbon

Actualizado: martes, 28 abril 2009 15:19

BILBO, 28 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek goizaldean bi gizonezko atxilotu dituzte gaur goizaldean Bilbon, Getxoko (Bizkaia) eta hiriburu bilbotarreko taberna bitan lapurtu izana leporatuta. Toki batetik bestera joateko, ustezko lapurrek, aurrez ostutako auto bat erabili zuten, eta agenteek harrapatu dituztenean, auto hau alde batera utzi behar izan dute. Susmagarriek lokaletako bateko atea mazo batekin hautsi dute barrura sartzeko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gauerdi aldera hasi da guztia, orduan jakin baitu Ertzaintzak Getxoko Aldapa auzoko taberna batean lapurreta bat jazo berri zela. Lau gizonezko sartu omen dira tabernara eta, sarrerako atea hautsi ostean, tabernako diru, tabako eta joko makinak indarra erabiliz ireki dituzte. Bukatzean, lokaletik alde egin dute joan den otsailetik lapurtutako ibilgailuen zerrendan azaltzen den auto batean; ustez Bilboko garaje batean ostutako autoa da susmagarriek zerabiltena.

Ertzaintzak ordu bat beranduago aurkitu du aipatutako autoa Bilboko Deustuko auzoko taberna baten ondoan aparkatuta. Hemen ere lapurretan egon zitezkeenaren susmoarekin, hainbat patruila bertaratu dira taberna horretara. Agenteak ikustean, lau gizonezkoak, banatu eta, bide ezberdinak hartuz ihes egin dute. Ertzainak beren atzetik atera dira eta hainbat kaletatik korrika egin ostean, susmagarrietako bi harrapatu dituzte. Ihesi zihoala, gizonezkoetako batek, gainean zeraman mazoa lurrera bota du.

Harrapatu ondoren, agenteek susmagarrien autoa miatu dute eta barruan hainbat erreminta aurkitu dituzte: zizailak, bihurkinak eta abar, ustez tabernetako ate eta makinak indarrez irekitzeko erabiliak; dirua ere bazegoen autoan. Ertzainek azken taberna honetako atea indarra erabiliz irekia izan zela egiaztatu dutenean, bi susmagarriak atxilotu dituzte lapurreta delitu bat leporatuta.

Bi atxilotuak -24 eta 18 urtekoak- Ertzainetxera eraman dituzte beharrezko izapideak egiteko eta datozen orduetan jarriko dituzte epailearen esku. Ertzaintzak beste bi susmagarriak identifikatu eta atzemateko ikerketekin darrai.