EUSKADI.-Tecnalia da automobilaren egiturako piezen fabrikazio-kostuak murrizteko proiektu baten koordinatzailea

Actualizado: jueves, 5 marzo 2009 14:08

BILBO, 5 Mar. (EUROPA PRESS) -

Tecnalia korporazio teknologikoa automobiletarako egiturazko piezak fabrikatzeko kontzeptu berri bat garatzea xede duen Proform europar partzuergoko partaidea eta koordinatzailea da. Sekzio aldakorreko profilaketaz, laser bidezko akaberaz eta konformazio elektromagnetikoaz (piezaren luzetara jarraituak ez diren tokian tokiko xehetasunak) baliatzen da partzuergoa fabrikazio-denbora eta kostua murrizteko asmoz.

Euskal korporazio teknologikoko arduradunek adierazi dutenez, estanpazio bidez egiten dira automobilaren egiturako osagai gehienak, forma ugari egiteko aukera ematen baitu konformazio-teknologia horrek. Desabantaila nagusia, berriz, kostua du, handia baita, bai tresneriari bai inbertsioei (prentsa handiak) dagokienez. Bestetik, malgutasun txikiko sistema da, piezaren forman aldaketaren bat egin behar izanez gero, tresneria osoa aldatu behar izaten delako.

Tecnaliaren arabera, "oso aukera egokia da" profilaketa egiturazko piezak egiteko, kostu txikiagoa dutelako, batetik, eta instalazio malguagoak, bestetik. Alabaina, "ez du arrakasta handirik izan automobilgintzaren sektorean, mugatua baita egin daitekeen geometria-sorta".

Proform proiektuak, ordea, profilaketa-teknologia berri bat garatu du, ertz kurboko, kono-formako eta sekzio aldakorreko profilak egiteko aukera ematen duena. Horri esker, merkeago egin daitezke langetak, trabesak edo errefortzuak.

Europako Batasuneko bost herrialdetako (Italia, Espainia, Txekia, Alemania eta Frantzia) hogei bazkide ditu partzuergoak. Horien artean dira Daimler eta Fiat (automobilgintzako enpresak), Gestamp (goi-mailako hornitzailea) eta sektoreko ETE ugari (Gasparini, Ingemat, Onapres, DataM, Actarus, Genta, Tribotech, Eximet, Axyal, Antec, LMB), enpresa txiki eta ertainen (ETE) gaitasun teknologikoa handitzea (IP for SMEs) baitu helburu proiektuak.

Tecnalia Automocion-eko hiru zentro teknologikoak (Inasmet, Labein eta Robotiker), Cirtes eta Hannoverreko Laser zentroa dira partzuergoko gainerako partaideak, Mondragon Unibertsitatearekin eta Darmstadtekoarekin (Alemania) batera.

Tecnalia korporazio teknologikoak koordinatzen du proiektua, zeinak 12 bat milioi euroko aurrekontua baitu, teknologia elektromagnetikoaren alorra gidatzen du, eta laser teknologien erabilera sustatzen.

2009ko urrian, "Rollforming 09" Profilaketari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra egingo da Bilbon. Hainbat ikertzaile eta teknikari elkartuko ditu, eta profilaketaren alorrean izan diren azken aurrerapenak eta industriako zenbait sektoretan dituzten aplikazioak ezagutaraziko dira. Proform proiektuak sustatu eta antolatu du partzuergoa, eta biltzarraren antolaketan buru-belarri dihardute haren partaideek.