EUSKADI.-Tecnaliak bere azken ikerketak aurkeztuko ditu automobilgintzari buruzko nazioarteko biltzar nagusian, Detroiten (AEB)

Actualizado: miércoles, 18 marzo 2009 17:36

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Apirilean Detroitera (AEB) joango da Tecnalia automobilgintzari buruzko nazioarteko ekitaldi nagusia den SAE biltzarrean parte hartzeko. Sektoreko enpresarik garrantzitsuenek hartzen dute parte ekimenean, eta haien ikerketa eta ezagutzen berri emateko aukera ematen die biltzarrak.

Tecnaliak bi hitzaldi tekniko emango ditu: propultsio sistema berrien ingurukoa bata eta konformazio-teknologiei buruzkoa bestea. Halaber, hainbat jakintza-alor aztertuko dira biltzarrean: teknologia-berrikuntzak eta fabrikazio-prozesuak, diseinu integratua, materialak, elektronika, segurtasuna eta ingurumen-eraginari lotutako alderdiak.

Goi-mailako nazioarteko biltzarretan parte hartzea "ardatz estrategikoa eta lehentasunezkoa da Tecnaliarentzat I+G+B nazioartean hedatzeko eta finkatzeko", Iñaki Inzunza Tecnaliako Automobilgintza ataleko zuzendariak dioenez. Azpimarratzekoa da ekimen horiek indartu egiten dutela automobilgintza-sektoreko lehiakortasuna eta hura etorkizunean finkatzea; gainera, goi-mailako nazioarteko harreman-sareak sustatzen dituzte.

SAE (Society of Automotive Engineers) diru-asmorik gabeko elkartea da, 1905ean sortua. Gaur egun ingeniaritzako hainbat alorretako 80.000 profesional baino gehiago (mundu osoko 80 herrialdetakoak) dira elkarteko kide. Erreferentziazko elkartea da nazioartean, eta bere helburua da automobilgintzako eta sektore aeroespazialeko aurrerakuntza teknologikoak hedatzea, hainbat bide erabiliz: biltzar, ekitaldi eta hitzaldiak, "Hands On" proiektuen garapena, agiri, liburu eta lan estandarren zabalkuntza eta mintegi nahiz ikastaroen antolaketa.