BILBO 21 Nov. (EUROPA PRESS) -
Tecnaliak -AZTI, European Software Institute (ESI), Fatronik, Inasmet, Labein, Neiker eta Robotikerrek osatutako korporazio teknologikoa- eta Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako Sailak T4 Ekingunea sortu dute. Azpiegitura berriaren helburua da oinarri teknologikoko enpresa-proiektuen mintegi izatea.
T4 Ekingunea eraikitzeko 700.000 euro pasatsu inbertitu dira.
Inbertsio horretatik, 300.000 euro Bizkaiko Foru Aldundiak eman ditu, erakunde bien arteko lankidetza hitzarmena dela eta. Helburua da Bizkaian Oinarri Teknologikoko Enpresa Berrien (OTEB) sorrera sustatzea.
Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomiaren Sustapenerako diputatu Izaskun Artetxek eta Tecnalia korporazio teknologikoko zuzendari nagusi Joseba Jauregizarrek gaur inauguratu duten T4 Ekinguneak 550 metro koadro inguruko azalera du, eta Bizkaiko Parke Teknologikoko (Derio) 700. eraikinean dago. Kanpotik, sarrera propioa du.
Tecnaliaren ezagutza zientifiko-teknikotik sortutako zenbait OTEBk adierazi du jada Derioko enpresa-mintegira jotzeko asmoa dutela. Die Development enpresa -txaparen deformazioarekin, eta, bereziki, beroko estanpazioarekin lotutako tresneria berezi ororen ikerketa, garapen, diseinu, fabrikazio eta merkaturatzea- eta Deltanek enpresa -hondakin organikoen tratamenduaren eta balio-handitzearen eremuan teknologia berritzaileak eta irtenbide aurreratuen garapena- izango dira, agian, instalazio berrietara joko duten lehenbizikoak.
T4 Ekingunearen sorrerarekin, enpresa-taldeko zientzialari eta teknologoen ekintzaile-sena sustatu nahi du Tecnaliak; horrez gain, I+G proiektuetan lortutako emaitzak ondo transferitzeko ezagutza zientifiko-teknologikoan oinarritutako balioa sortu, eratutako enpresa berrientzako ikerketa-jarduera gehitu eta negozio-unitateen arteko zeharkakotasuna sustatu enpresa berriak sortzeko aukerak ugaltzeko; eta enpresa-sarea dibertsifikatzen eta ekonomikoki hazten lagundu dira beste helburu batzuk.
"Mintegi horren azpiegitura egokia izango da oinarri teknologikoko enpresa-proiektuak martxan jartzeko, baita bertan kokatzen diren proiektuen arteko sinergiak sortzeko ere", ziurtatu dute bere sustatzaileek.
T4 Ekinguneak laguntza osoa eskainiko die OTEBei aholkularitza, finantziazio-bilaketa, trebakuntza, bazkideak bilatzeko edo sozietateetan parte hartzeko enpresa-ekimenen sustapenean EAEn jarduten duten eragileekin harremanak lortzeko.
Sortu zenetik (2001ean) Tecnalia gizartearentzat balioa eta aberastasuna sortzen aritu da, ikerketa eta berrikuntzaren bidez betiere. Eragiketa-eredu bera dute korporazioko zazpi zentro teknologikoek, sektorekako negozio-unitateetan oinarritua. Zazpi urteotan, korporazioak ia hirukoiztu egin du negozio-zifra: 2001ean, 40 milioi euro; iaz, 2007an, 111 milioi euro, aurreko ekitaldian baino %14 gehiago.