EUSKADI.-Tecnaliak garraioaren sektorerako azken teknologiak aurkeztuko ditu Detroiteko (AEB) Transfac'09 biltzarrean

Actualizado: viernes, 20 febrero 2009 15:00

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Tecnalia korporazio teknologikoak garraioaren sektorerako azken berrikuntza teknologikoak aurkeztuko ditu Transfac'09 biltzarrean. Urriaren 31tik azaroaren 3ra izango da hitzordua, Amerikako Estatu Batuetako automobil-industriaren sorlekua den Detroit hirian.

Transfac biltzarraren bigarren edizioa izango da, eta Tecnalia antolatzaileetako bat izango da materialetan ikerketan eta prozesuetan espezializatutako AEBtako TMS enpresarekin batera. 2006an Donostian egin zen lehenengo edizioaren arrakastan oinarritu da aurtengoa.

Aurten, sakondu eta zabaldu egingo dira Donostian garatutako gaiak. Materialak, haien prozesuak eta automobilgintzaren, trengintzaren eta aeronautikaren industrietako aplikazioak aurkeztuko dira Transfac'09 azokan. Horiek, gainera, bateragarriak izan behar dute garraioaren alorreko zenbait alderdirekin, hala nola segurtasunarekin, mundu mailako lehiakortasunarekin, ingurumenaren kalitatearekin edo energiarekin edo lehengaiekin (garapenaren jasangarritasuna).

Donostian Tecnaliaren koordinaziopean egin zen Transfac 2006n, biltzarrak nazioartean zuen garrantzia nabarmendu zen, baita aurrera jarraitzeko beharra ere, sektorea gelditu gabe ari baita aurrera egiten. Azken biltzarraren arrakasta, sektore honen garapenari loturik egon zen.

TMSk eta antolakuntzan aritu ziren gainerako erakundeek 2006an Tecnaliaren antolakuntzan jarri zuten konfiantza eta emaitzen nazioarteko oihartzuna sendotu egingo ditu orain Detroiteko hitzorduak.

Hizlari gisa parte hartzeko, martxoaren 6a baino lehen eman behar dira laburpenak. Mezu elektroniko bidez bidali behar dira helbide honetara: transfac@inasmet.es. Hala, interesatuek aukera izango dute ekimenean parte hartzeko eta, ahozko hitzaldien bidez, beren berrikuntzak aurkezteko. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, kongresuaren webgunea martxan dago dagoeneko webgune honetan: www.tms.org/Meetings/specialty/transfac09/home.html.

Hitzaldiaren izenburua, egileen izenak eta 150 hitzeko laburpen bat (PDF edo Word Office formatuetan) eduki behar dituzte bidalitako laburpenek.