EUSKADI.-Telefono-kabinetako txanponak lapurtzen ari ziren bi gizonezko atxilotu dituzte Errenterian (Gipuzkoa)

Actualizado: martes, 5 enero 2010 13:03

DONOSTIA, 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek bi gizonezko atxilotu dituzte gaur gauerdian Errenterian (Gipuzkoa), udalerriko telefono-kabinak indarrez zabaldu eta barruan zeuzkaten txanponak lapurtu izana egotzita, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Gauerdia izateko minutu gutxi falta zirela, bi gizonezko Errenteriako Nafarroa hiribideko telefono-kabina batetik irteten ari zirela ikusi du Ertzaintzaren patruila batek. Denbora gutxira, toki horretan bertan lapurreta egin zutela ohartarazi diote poliziari abisu baten bidez. Hori dela eta, agenteak susmagarriak bilatzen hasi dira eta gertuko beste kabina batean atzeman dituzte.

Gizonezkoetako bat telefonoz hizketan ari zelako itxurak egiten zebilen, aparatua manipulatzen zuen bitartean eta, bestea, jagoteaz arduratzen zen. Makinako txanpon-kutxa kendu ostean, txanponak poltsa batean sartu dituzte eta alde egin dute segituan. Halere, agenteek gizonezkoak geldiarazi eta atxilotu egin dituzte, indarra erabiliz egindako lapurretaren delitu bat egotzita.

Ertzainek txanponak eta kabina indarrez zabaltzeko erabilitako tresnak aurkitu dizkiete atxilotuei, eta polizia egoitza batera eraman dituzte.