EUSKADI.-The Answer irlandarrek Bilboko Kafe Antzokian joko dute martxoaren 11n, "Everyday Demons" disko berria aurkeztuz

Actualizado: miércoles, 10 febrero 2010 12:51

BILBO, 10 Feb. (EUROPA PRESS) -

The Answer talde irlandarrak kontzertua eskainiko du martxoaren 11n Bilboko Kafe Antzokian, "Everyday Demons" izenburuko disko berria aurkezteko egiten ari den biraren baitan. Saioa 21:30etan hasiko da eta sarrerak salgai daude 18 euroko prezioan Kafe Antzokian bertan eta www.kafeantzokia.com eta www.ticketmaster.es webguneetan aurrez erosiz gero, eta 23 euroan kontzertuaren egunean txarteldegian erosiz, aretoko iturriek jakinarazi dutenez.

Momentuko rock'n'roll talderik esanguratsunetarikoen artean daude The Answer irlandarrak. Iaz AC/DC taldearekin batera aritu ziren biran eta, adituen esanetan, "gaur egungo Led Zeppelin berriak" dira. Oraindik gaztetxoak ziren lehen aldiz Euskal Herrira etorri zirenean, baina orain jaialdi handietan aritzen dira eta talde ospetsuenek beraiekin batera aritzea nahi dute. Hala ere, bere disko berria den "Everyday demons" lana aurkezteko areto ezberdinetan zehar ari dira bira berezi batean.

Bere aurreko lana zen "Rise" diskoarekin kritika "ezin hobeak" jaso zituzten eta baita hainbat sari jaso ere, kasuan kasu, 'Classic Rock' eta 'Kerrang' aldizkarietan. Hau gutxi balitz, The Who eta The Rolling Stones moduko taldeekin ere aritu dira biran eta Led Zeppelin taldeko Jimmy Page gitarristaren talderik kuttunena bilakatu dira. Disko berriarekin aurreko lana hobetu dute, eta energiaz beteriko zuzeneko sendo eta indartsua eskaintzen dute.