BILBO 11 Mar. (EUROPA PRESS) -
The Answer taldeak kontzertua eskainiko du gaur gauean Bilboko Kafe Antzokian, "Everyday Demons" izenburuko bere disko berria aurkezteko biraren baitan. Emanaldia 21:30etan hasiko da, eta sarrerak 18 euroko prezioa du aurrez erosiz gero, eta 23 eurokoa txarteldegian erosita, areto bilbotarreko arduradunek jakinarazi dutenez.
Dudarik gabe, momentuko rock'n'roll talderik esanguratsunetarikoen artean dago The Answer. Iaz AC/DC talde mitikoarekin batera aritu ziren biran eta adituen esanetan "gaur egungo Led Zeppelin berriak dira".
Oraindik gaztetxoak ziren lehen aldiz Euskal Herrira etorri zirenean, eta orain jaialdi handietan aritzen dira eta talde ospetsuenek beraiekin batera jo nahi dute. Hala ere, bere disko berria den "Everyday Demons" lana aurkezteko areto ezberdinetan zehar arituko dira bira berezi batean.
Taldea Newcastle (Ingalaterra) eta Downpatrick (Ipar Irlanda) artean sortu zen, eta bere aurreko lana zen "Rise" diskoarekin kritika ezin hobeak jaso zituen, baita hainbat sari ere, kasuan kasu, "Classic Rock" eta "Kerrang" aldizkarietan.
Gainera, The Who eta The Rolling Stones moduko taldeekin ere aritu dira biran eta Led Zeppelin taldeko Jimmy Page gitarristaren talderik kuttunena bilakatu dira. Disko berriarekin aurreko lana hobetzen dute, energiaz beteriko zuzeneko sendo eta indartsua eskaintzen dute.