EUSKADI.-Tibet eta India giza eskubideen ikuspegitik ezagutzeko jardunaldiak izango dira datorren astean Donostian

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 21 noviembre 2008 17:27

DONOSTIA 21 Nov. (EUROPA PRESS) -

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Sailak eta Pedro Arrupe Giza Eskubideetarako Institutuak bi jardunaldi antolatu dituzte, Tibet eta Indiako lurraldeak eta errealitateak giza eskubideen ikuspuntutik ezagutzeko asmoz. Jardunaldiak hilaren 25ean eta 26an izango dira, Donostiako Doctor Camino Aretoan.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, "Asia: kontinente ezezaguna, kontinente ezinbestekoa" izenburuko jardunaldiak 19:30etan hasiko dira. Topaketen bidez, "giza eskubideen egoera egokiena izatetik oraindik oso urrun dagoela" erakutsi nahi dute antolatzaileek.

"Kasu batean, herri tibetarrak nozitzen duen giza eskubideen urratzeak eragindako ezin konta ahala salaketa direla-eta; bestean, ondasunak bidegabeki banatzen direlako lurraldean bizi diren milioika eta milioika biztanleen artean. Eta bi lurraldeetan, indarkeriarik eza da giza eskubideak aldarrikatzeko mekanismoaren ezaugarri", azaldu dute.

Hori dela eta, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 60. urteurrenean, bi kasu hauei erreparatzea eta aintzat hartzea merezi duela iritzi diote antolatzaileek, "zenbait giltzaz jabetzeko eta haien errealitatea hobeto ezagutzeko".

Helburu horrekin, antolatutako bi saioetan, lurraldeotan aditu diren hizlariek beren ikuspegia eskainiko dute. Tibetek Espainian duen ordezkari (Bartzelonako Tibeten Etxea) Ven Thubten Wancheng-ek

hitzaldia eskainiko du "Tibet: indarkeriarik eza, giza eskubideak aldarrikatzeko tresna" izenburupean.

Bigarren hitzaldiaren izenburua, "India: munduko demokraziarik handienaren erronkak, pobreziari aurre egiteko" da, eta hizlariak Anthony Pitchai Vedamuthu (Jesusen Konpainia-Gujerat-India) eta Mentxu Ormaetxe (Soziologian doktorea Gujerat-eko Unibertsitatean).

Contenido patrocinado