EUSKADI.-Topaguneak Mutrikun (Gipuzkoa) antolatu du Spraikada'09 Euskal Herriko VI. Graffiti Lehiaketa, uztailaren 18an

Actualizado: martes, 26 mayo 2009 15:49

DONOSTIA, 26 May. (EUROPA PRESS) -

Duela sei urte hasitako bideari jarraituz, aurtengoan Mutrikun (Gipuzkoa) egingo den Spraikada aurkeztu du Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Lehiaketa seigarren ediziora iritsi izana "duen harrera eta indarraren seinale" dela esan du Topagunearen

Gazte Saileko arduradun Sonia Perez Anguerak. Era berean, eskertu egin du Mutrikuko Udalaren partetik Spraikada aurrera eramateko jasotako laguntza eta "elkarlanerako gogoa".

Antolatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, Spraikada hitzordu klasiko bilakatu da dagoeneko euskal graffitigile eta zaletuen artean. Era berean, euskal graffitigintzaren harrobiaren erakusleiho

paregabea ere bada Spraikada.

Mendaro, Getxo, Tolosa, Gernika-Lumo eta Erandiotik pasatu ondoren, Mutrikun izango da aurten buruz burukoa, uztailaren 18an. Mutrikuko Udalak 800. urteurrena ospatzen du aurten, eta Spraikadaren buruz burukoa ospakizunen artean sartu nahi izan du. Era horretan, publiko gaztea ere urteurrenaren ospakizunetan inplikatzea bilatzen du Udalak, eta Mutrikuko kaleetako hormak gaur egungo adierazpide artistiko honen museo bilakatzea. Halaxe azaldu du Mutrikuko Udaleko Euskara eta Kultura zinegotzi Iratze Garagarzak.

Buruz burukoan, betiko moduan, hamar graffitigile lehiatuko dira, horretarako espresuki gordetako 7 x 2 metroko beste horrenbeste

hormatan, 1.500, 1.200 eta 900 euroko sariak eskuratzeko. Aukera paregabea izango da Mutrikun egun pasa egin, graffitiak egiteko

prozesua zerotik jarraitu eta graffiteatzen ikasten hasteko ere, tailerrak eta bestelako jarduera osagarriak ere ez baitira faltako.

Lehiaketan parte hartzeko, egin nahi den graffitiaren zirriborroa bidali behar da lehenengo eta behin, eta hori egiteko epea ekainaren 30era arte dago zabalik. Jasotako lan guztien artean, hamar onenak aukeratuko dira, eta horiexek izango dira Mutrikuko hormetan islatuko direnak.

Izena emateko baldintzei dagokienez, "gutxi eta betetzen errazak" dira: 16 urtetik gorako gaztea izatea, graffitiko testuak euskaraz

egitea, zirriborroa epea amaitu aurretik bidaltzea eta, finalista suertatuz gero, aukeratutako zirriborroko graffitia antolakuntzak emandako sprayekin egitea. Hortik aurrera, estiloa, teknika eta gaiak libreak dira erabat.