EUSKADI.-Trapagaranen emakume bati poltsa lapurtzen saiatu eta ostutako auto batean ihes egin duten bi gizon atxilotu dituzte

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 5 enero 2009 15:26

BILBO 5 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 25 urteko gizonezko bat eta 15 urteko adingabeko bat atxilotu dituzte gaur goizaldean, ustez Trapagaranen (Bizkaia) emakumezko bati indarkeria erabiliz lapurreta egin izanagatik eta baita Barakaldon (Bizkaia) aparkatuta zegoen auto bat ere lapurtu izanagatik. Horrez gainera, Alonsotegin (Bizkaia) bi gizonezkori arma zuriz zauriak eragin izana eta beren diru-zorroak osten saiatu izana ere leporatzen zaie atxilotuei.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez, atzo gauean, 23:20 aldera, Trapagaranen emakumezko bati indarkeria erabiliz lapurreta egin ziotela jakin zuen Ertzaintzak. Biktima kaletik zihoan eta bat-batean auto bat bere ondoan gelditu eta bertan zihoazen bi bidaiarietako batek indarrez tiratuz poltsa kendu nahi izan zion.

Lapurrak emakumezkoa lurrera bota zuen baina ez zuen poltsa eskuratu, beraz, berriro autora (Opel Kadett batera) igo eta gaizkidearekin batera alde egin zuen. Bitartean, osasun zerbitzuek, biktimari, buruan eta belaun batean zituen zauriak sendatu zizkioten.

Beranduago, gauerdia izateko minutu eskas falta zirela, bi lagunek gizonezko biri eraso egin zioten Alonsotegin; biktimek arma zuriz eragindako zauriak jasan zituzten. Diru-zorroak emateko eskatu ostean eraso omen zieten. Bi gizonezkoak Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten aipatutako zauriak sendatzera. Ustezko erasotzaileen deskribapena eta alde egiteko erabili omen zuten autoa Trapagaraneko erasoaldiko erantzuleenarekin bat zetorren.

Ondoren, 00:20 aldera, patruila batek Opel Kadett bat atzeman zuen A-8 autobidean ziztu bizian Sestaoko (Bizkaia) noranzkoan zihoala. Aipatutako udalerrira arte iraun zuen jazarpen baten ondoren, Sestaoko Ontzi-industriatik hurbil, autoa geldiarazi eta bi bidaiariak atxilotu zituzten. Autoak, martxan jartzeko sistema manipulatuta zeukan arratsalde hartan bertan Barakaldon lapurtua izandako auto bera baitzen. Auto barruan halaber, labana bat aurkitu zuten agenteek, ustez Alonsotegiko erasoaldian erabilitakoa.

Gaur goizean zehar bi atxilotuak (biek aurrekari polizialak dituzte) Adingabekoen Fiskaltzaren eta Barakaldoko Epaitegiaren esku jarriko dituzte, hurrenez hurren.

Contenido patrocinado