EUSKADI.-Txirrindularitza.- Unai Elorriaga eta Hodei Mazkiaran, "pozik" Kopenhageko Pistako Munduko Kopako lorpenengatik

Actualizado: martes, 17 febrero 2009 18:32

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

Unai Elorriaga eta Hodei Mazkiaran euskal txirrindulariak, joan den asteburuan Kopenhagen jokatutako Pistako Txirrindularitzako Munduko kopan lortutako arrakastaren ondoren, "pozik" azaldu dira gaur BAT Basque Team-ek Bilbon antolatutako prentsaurrekoan, bai eta datorren hilaren amaieran Poloniako Pruszkow hirian jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena ere lortzeagatik ere.

Elorriaga eta Mazkiaran lehenengoak izan ziren joan den asteburuan Kopenhageko Munduko Kopako frogan taldekako jazarpeneko modalitatean, Espainiako selekzioarekin batera, eta bigarrenak izan ziren keirin modalitatean.

Bi txirrindulariak BAT Basque Team-ek babestutako Cespa-Euskadi taldeko kide dira eta "harrotasunez" erakutsi dituzte Bilbon beren dominak eta Munduko Kopako txapeldunari dagokion elastiko zuria.

Unai Elorriaga da pistako txirrindularitzan Munduko Kopa irabazi duen lehenengo euskal txirrindularia. Elorriaga Etxebarrin (Bizkaia) jaio zen duela 28 urte, eta Pekingo 2008ko Joko Olinpikoetan parte hartu zuen taldeko kidea izan zen; bertan Diploma eskuratu zuen, taldekako jazarpen proba zazpigarren amaitu ondoren.

Gainera, iaz, urrezko domina lortu zuen madison modalitatean (Espainiako egungo txapeldunordea da modalitate honetan), eta zilarrezko domina taldekako jazarpenean Munduko Kopan. 2007an iraupeneko omniunm modalitateko Europako txapela lortu zuen Alkmaar-en (Holanda).

Bestalde, Ballerüp-en jokatutako probetan, Altsasuko (Nafarroa) Hodei Mazkiaran txirrindulari gaztea izan da benetako sorpresa eman duena. Zilarrezko domina lortu du keirin modalitatean, ziklomotorrean zihoan 'jaurtitzailea'-ri jarraituz bira batzuk egin ondoren sprintean jardun zuten beste txirrindulari batzuekin norgehiagokan. Honela, Mazkiaran etorkizun handieneko euskal kirolarien artean kokatu da. 2007an, Espainiako 23 urtez beheko txapelduna izan zen modalitate berean, eta 2008an abiadurako kategoria irabazi zuen.

Garaipen hauek argi utzi dute, martxoaren amaieran Poloniako Pruszkow hirian jokatuko den Munduko Txapelketan bi txirrindulariak sari berriak irabazteko gauza direla. Bertan, Unai Elorriaga eta Hodei Mazkiaranekin batera, Ana Usabiagak eta Leire Olaberriak ere parte hartuko dute.

BAT Basque Team-en xedea goi-mailako euskal kirolaren garapena bultzatzea da, Euskal Herriko kirolariek ordezkaritza zabala izan dezaten goi mailako kirol lehiaketetan. Ekimena Eusko Jaurlaritza _Kultura Sailaren bitartez_ eta Euskal Irrati Telebistaren (EiTB) babespean gauzatu da. Hauez gain, badira eliteko kirola sustatzearen aldeko apustua berenganatu duten babesle pribatuak ere, besteak beste, Naturgas Energia, La Caixa, IMQ eta Cespa-Ferrovial.

BAT Basque Team-ek laguntza ematen die goi mailako kirolariei eta hauen entrenatzaileei, prestakuntza hobetzeko modua izan dezaten, eta xede berari jarraituz lan egingo du modalitate desberdinetako kirolariekin eta maila goreneko kirol erakundeekin. Fundazioaren beste zeregin batzuk dira kirol prestakuntza eta heziketa optimizatzen laguntzea eta maila goreneko kirolari aplikatutako ikerkuntza sustatzea.