EUSKADI.-Txirula kultur taldeak Mugarik Gabeko Umeentzako VIII. Ipuin Lehiaketa antolatu du

Actualizado: lunes, 4 enero 2010 12:02

BILBO, 4 Ene. (EUROPA PRESS) -

Apirilaren 25ean eta 26an ospatuko diren Otxarkoagako (Bilbo) XXIX. Umeen Jardunaldiak direla eta, Txirula kultur taldeak, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren laguntzarekin, Mugarik Gabeko Umeentzako Ipuin Lehiaketaren zortzigarren edizioa antolatu du, umeei zuzendutako ipuinaren inguruko literatur sorkuntza sustatzeko asmoz.

Antolatzaileek adierazi dutenez, lehiaketan edozein adineko pertsonak har dezakete parte, eta euren kontakizunak gaztelaniaz edo euskaraz aurkez ditzakete. Ipuinak orrialde bat eta lau orrialde artekoak izango dira, eta partaide bakoitzak, gehienez ere, aurretik argitaratu ez diren jatorrizko lau ipuin aurkeztu ahal izango ditu.

Gaia librea izango da, baina epaimahaiak era berezian baloratuko ditu haurrei zuzenduta eta honako balio hauekin erlazionatuta dauden ipuinak: bakea, tolerantzia, genero berdintasuna, giza baliabideak eta naturaren zainketa. Ipuinak aurkezteko azken eguna otsailaren 10a izango da, Otxarkoagako auzo etxean edo ipuinak@txirula.org helbide elektronikoaren bitartez.

Aukeratutako ipuinak idatzi dituzten pertsonek, lan hoberenak bilduz argitaratuko den liburuaren 15 ale jasoko dituzte, eta euren jatorrizko lanak irakurri ahal izango dituzte apirilaren 26an Otxarkoagako Ugarte plazan. Liburuan zuri-beltzean eransten diren eta, antolatzaileen iritziz, testuaren osagarri diren marrazkiak sartuko dira.

2009KO EDIZIOA

Lehiaketaren joan den urteko edizioan 392 lanek hartu zuten parte. 54 lan euskaraz aurkeztu ziren, gehien bat Otxarkoaga-Txurdinagako egileenak, eta 338 gaztelaniaz. Otxarkoaga-Txurdinagatik jaso ziren gaztelaniazko bederatzi lanez gain, 11 Bilboko gainerako lekuetatik jaso ziren eta 13 Bizkaiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) beste herrietatik.

Jasotako 135 lan Estatuko beste autonomia erkidegoetatik jaso ziren, Madrildik, Zaragozatik, Bartzelonatik eta Valentziatik, batez ere. Gainerako lanak mundu osoko hogei bat herrialdetatik jaso ziren, batez ere Argentinatik (58), Mexikotik (23), Kolonbiatik (14), Kubatik (14) eta Txiletik (9).

2009ko edizioan 25 ipuin aukeratu ziren argitaratzeko. Liburua martxoaren 29an aurkeztu eta irakurri zen, jada ezagunak diren Otxarkoagako Umeen Jardunaldietan. Aukeratutako ipuinak biltzen zituen liburuan euskarazko sei ipuin eta gaztelaniazko 19 sartu ziren, horietako batzuk Uruguaitik, Venezuelatik edo Mexikotik jasotakoak. Partaideen adina 7 urtetik 82 urtera artekoa izan zen.