EUSKADI.-U2 taldeak Bartzelonako Nou Campen hasiko du bere munduko bira ekainaren 30ean

Actualizado: lunes, 9 marzo 2009 11:50

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

U2 talde irlandarrak ekainaren 30ean hasiko du "No Line on the Horizon" izenburuko bere disko berria aurkezteko munduko bira Bartzelonako Nou Campen, taldearen webgune ofizialak jakinarazi duenez.

Bartzelonan hasi ondoren, estadio handietan egingo den bira Milan, Paris, Niza, Berlin, Amsterdam, Dublin, Goteborg, Zagreb, Londres edo Cardiff bezalako hiri europarretatik igaroko da bere lehenengo zatian, AEBetan kontzertuak egiteko Atlantikoa zeharkatu aurretik.

Bira 2010eko bukaerara arte luzatuko da eta 90 eta 100 emanaldi artean eskainiko ditu, 'Billboard' musikaren munduko aldizkari estatubatuar entzutetsuak jakinarazi duenez.

Gainera, 'Billboard'-ek dio historian irabazi gehien lortuko duen bira izatea espero dela, 2005 eta 2007 bitartean egin eta 389 milioi dolar bildu zituen "Vertigo" bira gaindituz, eta soilik The Rolling Stones-ek "A Bigger Bang" diskoa aurkezteko urte horietan egin zutenaren azpitik (558 milioi dolar).

U2 taldearen disko berria otsailean aurkeztu zen, laukote irlandarrak ezusteko kontzertu bat eman zuenean BBCren Londresko eraikin baten teilatuan. Aldizkariaren arabera, The Edge gitarristak adierazi du bira berria orain arte talde handiek eman dituzten kontzertuekin alderatuz "guztiz ezberdina" izango dela.