EUSKADI.-Udaberriko Kontzertuek musika klasikoa eramango dute Getxora (Bizkaia) bihartik larunbatera bitartean

Actualizado: lunes, 9 marzo 2009 11:26

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxoko musika klasikoko zikloa helduko da herri bizkaitarrera bihartik larunbatera bitartean. Ohikoa denez, Udaberriko Kontzertuek musika mota horren aberastasuna erakustea dute helburu nagusi eta aurten talde eta errepertorio anitz ekarriko dituzte Getxora.

Zikloaren 24. ekitaldian, kontzertuak El Redentor elizara itzuliko dira, larunbateko saioa izan ezik, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango baita. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira eta sarrera doakoa izango da, Getxoko Kultur Etxeko arduradunek jakinarazi dutenez.

Aurten, La Capilla Real de Madrid taldeak hasiko du zikloa bihar. Ahots eta musika talde madrildarra lan handia egiten ari da sortu zenetik antzinako musikaren arloan eta garaiko musika tresnak erabiltzen ditu. Getxoko saioan interpretatuko duen egitaraua Monteverdiri dedikatuta egongo da.

Asteazkenean, Iturriaga laukotea arituko da zikloan. Hari-instrumentuen taldeak nazioarteko jarduera gailena du eta bere errepertorioa oso zabala da. Getxon, Bachen, Mozarten eta Bartholdyren konposizioak joko dituzte.

Zikloaren erdialdean, ostegunean, Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoa jardungo da. Eskarmentu handiko taldea, 1963. eratu zen eta herri klasikoak dira nagusi bere errepertorioan. Bere moldaketen originaltasuna eta kalitatea taldearen ezaugarri nagusietako bat da.

Ostiralean Victoria ganbera taldeak hartuko du lekukoa. Hari-instrumentuen zazpikote errusiarrak errepertorio zabala du, Barrokoan hasita eta XX. mendeko hasierako herri klasikoetara arte hain zuzen.

Azkenik, zikloa "Talentu Berriak" atalarekin amaituko da larunbatean. Etorkizun handiko musikarien lana bultzatzea bilatzen du atalak, eta aurten Mario Lerena piano-jotzaile getxotarra izango da protagonista. Bere saioan, musikazaleek Larragañagaren, Solerren, Egigurenen, Debussyren, Granadosen eta Albenizen piezak gozatzeko aukera izango dute, besteak beste.