EUSKADI.-Udal Zerbitzuen Pabiloiaren eraikuntza bukatu da Urdulizen (Bizkaia)

Actualizado: martes, 19 enero 2010 12:37

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Makinek lanean jarraitzen dute Urdulizko (Bizkaia) Labetxe inguruan, etorkizuneko zerbitzu-industrialdea izango dena urbanizatzen. Han, 1.300 metro koadroko lursail batean, Urdulizko Udalak pabiloi industrial bat eraiki du, udal biltegi bezala erabiliko dena, Udalak erabilitako edo erabiltzeko moduko ekipamendu mota oro gordetzeko. Pabiloian, era guztietako udal makina eta tresnak gordetzeaz gain, biltegiak eta aldagelak ere badira, Udalak erabiltzeko.

Udal Zerbitzuen Pabiloia eraikitzeko lanak 2009ko uztailean hasi ziren, eta Construcciones Amuriza S.L. enpresa esleipendunak sei hilabeteko epea izan du lanak amaitzeko, eta horrela egin du, pabilioia erabat bukatuta baitago. Orain, azken ukituak ematen ari dira bertan, eraikinaren barrualdeko azken lanak egiten, alegia, eraikina egokitu eta txukuntzeko, behin betiko itxura izan arte. Horrela, egun gutxitan, Urdulizko Udalak pabiloi berria izango du erabilgarri.

Pabiloiak bi solairu ditu eta, guztira, 835 metro koadroko azalera du. Kanpoaldetik, aurrefabrikatutako hormigoizko fatxada ikusi daiteke, bistakoa eta koloreztatua.

Udal eraikin honen eraikuntzari esker, Urdulizko Udalak gaur egun dauden biltegiratze-beharrizan guztiei erantzun ahal izango die, bai eta hemendik aurrera sortuko direnei ere. Era berean, pabiloi berri honi esker, orain arte udal materialak gordetzeko erabili izan diren espazio batzuk libre geratuko dira, eta, laster, beste erabilera batzuetarako erabili ahal izango dira. Udal Zerbitzuen Pabiloia Labetxe Poligonoan kokatuko da, eta, bertan, hirugarren sektoreko beste enpresa batzuk ere izango dira.