EUSKADI.-Udazkenera arte atzeratuko da "Bilbao Hiria" XXI. Pop Rock Lehiaketa, Bilborock aretoan egin beharreko obrak direla eta

Actualizado: viernes, 6 marzo 2009 14:17

BILBO, 6 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilborock aretoa itxita egongo da apirilaren 1etik aurrera, bertan egin beharreko obrak direla eta. Modu horretan, "Bilbao Hiria" XXI. Pop Rock Lehiaketako kontzertuak udara arte atzeratu behar izan dira. Aretoa hobetzeko eta eraberritzeko lanetarako aurrekontua 600.000 eurokoa da, Bilboko Udaleko iturriek gaur iragarri dutenez.

Azpiegiturak eta teknologia berrituko dira zeharo, aretoa erabiltzen duten taldeen eta ikusleen mesederako. Tokiko Inbertsiorako Estatuko Funtsaren barruko 2009ko Inbertsio eta Enplegu Planak finantzatuko ditu obrak, bai eta Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak ere, berak gestionatzen baitu Bilborock.

Apirilaren 7an 11 urte beteko ditu Bilborockek kontzertu areto moduan. Horrela, zenbait gauza zaharkitu egin dira eta konpondu beharra dago, luzaroago irauteko. Aldaketa teknologiko zenbait ere egingo dira, garaira egokituta, eta teknologia digitala sartuko da soinuan eta irudian. Gainera, aretoaren irudia ere aldatuko egingo da apur bat, eta instalazioetako segurtasuna hobetuko.

Modu honetan, Bilborock aldi baterako itxiko denez, udazkenera arte atzeratuko da "Bilbao Hiria" XXI. Pop Rock Lehiaketa, obrak uztailaren amaiera aldean bukatzekoak baitira. Horrela, lehiaketan aukeratutako taldeen emanaldiak irailan hasiko dira.

Aurten 1.019 taldek aurkeztu dituzte beren maketak, lehiaketan parte hartzeko: 687 taldek pop rock kategorian, 249k metalean eta 83k joera berrienean. Epaimahaiko kide adituek maketa guztiak entzun eta 48 banda aukeratu dituzte. Talde horiek zuzenean joko dute Bilborockeko eszenatokian irailean hasita.