EUSKADI.-Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak elkarrekin lan egingo dute euskararen normalizazioari buruz proiektuetan

Actualizado: martes, 23 junio 2009 19:25

BILBO, 23 Jun. (EUROPA PRESS) -

Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur Bilbon. Hitzarmen horrek, euskara, euskal kultura eta, oro har, munduko hizkuntza-ondarearen egoera ikertzeko, irakasteko eta zabaltzeko ekimenak gauzatzea du helburu. Biak elkarlanean arituko dira, bereziki euskararen normalizazioari buruzko proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarritako arauak zabaltzeko.

Unesco Etxearen izenean Ruper Ormaza lehendakariak sinatu du eta, Euskaltzaindiarenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak. Sinatze ekitaldian Itziar Idiazabal Unesco Etxearen lehendakariordea ere izan da.

Akordiaoren arabera, Unesco Etxeak aitortu du, hizkuntza gaietan, Euskaltzaindia dela erakunde aholku-emaile ofiziala. Halaber, Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak elkarri aitortu diote euskararen eta, oro har, munduko hizkuntza-ondarearen ikerguneak izatea. Horregatik, bi erakundeok lankidetza-proiektu zehatzak bideratu eta garatuko dituzte, euskarari, euskal kulturari eta munduko hizkuntza-ondareari buruzko irakaskuntza, ikerketa eta pedagogiaren eremuan.

Hitzarmen horren ildo nagusien artean, Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak elkarri bere ikerketa-ondareak erabiltzeko aukera emango diote eta, bereziki, bere artxibategi eta bibliotekak erabiltzeko aukera.

Halaber, bereziki, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Unesco Etxeak egindako kontsultei, kontsultok euskal lexikoari, gramatikari, toponimiari, onomastikari, ortografiari eta, oro har, euskararen araugintzaren bestelako gaiei buruzkoak direnean.

Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira, euskara, euskal kultura eta munduko hizkuntza-ondarearen egoera ikertu, irakatsi eta zabaltzeko arloan.

Gainera, bi erakundeok elkarlanean arituko dira, euren biblioteketako euskal funtsak sendotzeko; horretarako, euron argitalpen funtsetatik, zenbait lan ekarriko dituzte. Lankidetza politika ere bultzatuko dute, ikastaroak eta programak sortu eta egin daitezen.

Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak beren-beregi aitortu dute Unesco Etxearen barruan lanean ari den Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedra. Hala, katedra hori kontuan hartuta, bi erakundeok hainbat egitasmo burutzeko konpromezua hartzen dute.

Hiru urteko iraupena izango duen hitzarmen hau koordinatzeko, Unesco Etxeak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea eratuko dute, bakoitzak bina ordezkari izango dituelarik.