EUSKADI.-Urruntze agindua urratu eta bikotekide ohiari eraso egin dion 47 urteko gizon bat atxilotu dute Azkoitian (Gipuzkoa)

Actualizado: viernes, 13 marzo 2009 13:47

DONOSTIA, 13 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean Azkoitian (Gipuzkoa), urruntze agindu bat urratu izana eta genero indarkeria delitu bat leporatuta. Gizonezkoak bikotekide ohiari eraso egin zion eta eskuko telefonoa hautsi zion larrialdietako 112 telefonora hots egin zezan galarazteko. Emakumezkoa inguruetan zegoen osasun zentro batera eraman zuten, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atzo iluntzean, 20:15 aldera, ustez Azkoitian jazotako genero indarkeria kasu baten berri izan zuen Ertzaintzak. Azkoitiko etxe batera bertaratu ziren patruilek emakumezko bat aurkitu zuten aurpegian eta beso batean zauriak zituena. Agenteei adierazi zienez, kale erdian aparkatuta zeukan autorantz zihoala, bere senar ohiarekin topo egin zuen, autoaren ondoan bere zain baitzegoen. 2008ko urrian jazotako erasoaldi baten ondorioz, bien arteko urruntze agindu bat ezarri zien garai hartan epaile batek. Horregatik, emakumezkoak gizonezkoarengana hurbiltzea saihestu nahi izan zuen.

Hala ere, eta emakumezkoaren oihuei kasurik egin gabe, gizonezkoak, iraindu eta mehatxatzen zuen bitartean, aurpegian ukabilkada bat eman zion. Ostean, labana txiki batez, zauri batzuk egin zizkion besoetako batean. Berehala, erasotzaileak auto barruko irratia hartu eta hautsi egin zuen. Segidan biktimaren sakeleko telefonoa hartu eta hau ere lurrera bota zuen emakumezkoak 112 telefonora deituz laguntza eskatu ez zezan.

Hau ikusita, biktimak lasterka etxerantz ihes egin zuen eta handik deitu zion Ertzaintzari. Bertaratu ziren agenteek ustezko erasotzailea identifikatu zuten inguruetan eta atxilotu egin zuten epaile baten agindua urratu izana eta genero indarkeria delituak leporatuta. Biktima ambulantzia batek eraman zuen osasun zentro batera. Atxilotuari lehenago ere delitu bera egotzi zioten eta oraingoan beste behin jarri dute Azkoitiko Epaitegiaren esku.