EUSKADI.-Victoria ganbera talde errusiarrak kontzertua eskainiko du bihar Getxoko (Bizkaia) Udaberriko Kontzertuetan

Actualizado: jueves, 12 marzo 2009 14:55

BILBO, 12 Mar. (EUROPA PRESS) -

Getxoko (Bizkaia) XXIV. Udaberriko Kontzertuen amaiera gertu dago, eta bihar Victoria ganbera taldea izango da protagonista. Talde errusiarraren jarduera 2002an hasi zen eta bere errepertorioa oso zabala da. Emanaldia Algortako El Redentor Elizan izango da, 20:00etan, eta sarrera, doakoa.

Russian Musical Chamber Ensemble Victoria taldea hari-instrumentuen zazpikotea da eta ahal den kide kopuru txikienarekin ahalik eta doinu-sorta zabalena bereganatzea da bere helburua. Barrokoko maisu-lanetatik XXI. mendeko musikagileen lan modernoetara, Erromantizismoko eta XX. mendeko herri-musika ahaztu gabe, konposizio anitz jotzeko gai da talde errusiarra. Biharko saioan Bachen, Häendelen, Paganiniren, Tchaikovskyren, Saint Saënsen, Bizeten eta Waxmanen piezak interpretatuko ditu.

Bestalde, larunbatean amaituko da zikloa datorren urtera arte "Talentu berriak" atalaren eskutik. Ekimen hori bertoko artista gazteen lana bultzatzeko asmotan abiatu zen eta, aurten, Mario Lerena pianista getxotarra arituko da. Bere jardueraz gain, artista gazteak kontzertadore maisu egiten du lan Bilboko Zabalguneko Abesbatzan.

Bere ibilbide profesionalean zenbait sari eskuratu ditu musikariak, esaterako, Pariseko UFAMen Nazioarteko Lehiaketako lehenengo saria eta Sahaguneko Nazioarteko Lehiaketako bigarren saria. Gainerako saioak ez bezala, Lerenaren kontzertua Areetako Andres Isasi Musika Eskolan izango da, 20:00etan.