EUSKADI.-Vital Kutxak eta Gasteizko Udalak 55 urtetik gorakoentzako txangoen programa eskainiko dute irailetik aurrera

Actualizado: miércoles, 15 julio 2009 13:55

GASTEIZ, 15 Jul. (EUROPA PRESS) -

Vital Kutxak eta Gasteizko Udaleko Kirol Sailak 55 urtetik gorakoei zuzenduriko txangoen eta irteeren programa jarriko dute martxan irailean eta urrian. Egitasmoari esker, Donostia, Valladolid, Zaragoza edo Asturias bezalako tokiak bisitatu ahal izango dira, besteak beste.

Irteerak egun bat, bi edo hirukoak izan daitezke. Gainera, bi erakundeen arteko akordioari esker, bidaien kostuen zati handi bat diruz lagunduko da, Gasteizko Udalak eta Vital Kutxak prentsa ohar bidez gaur jakinarazi dutenez.

Udazkenerako mantendu egingo dira udaberriko kanpainako bost norakoak. Horrela, kultura, aisia, natura-jarduerak edo gastronomia uztartuko ditu programak. Egun bateko bidaietan Hernanin dagoen Chillida-Leku Museoa eta Donostia bisitatuko dira.

Egun biko irteeratan, Valladolid eta bere probintzia edota Zaragoza eta Calatayuden dagoen Harrizko Monasterioa izango dira norakoak. Iraupen luzeko txangoek Asturiasera eta Lleidako Aran Bailarara eramango dituzte bidaiariak.

Egitasmoan parte hartzeko izaten den eskari handia dela eta, plazen esleipena notario aurrean egingo den zozketa bidez erabakiko da. Zozketan parte hartzeko, interesatuek izen-ematea egin behar dute abuztuaren 25a baino lehenago Vital Kutxaren edozein bulegotan, Mejora Fundazioan edo Vital Linearen bitartez (945 16 22 25). Programan parte hartu nahi dutenek 55 urteak beteak izan behar dituzte 2009an.