EUSKADI.-Zabalik da IX. Donostiako Orfeoia-EHU Sarirako hautagaitzak aurkezteko epea

Actualizado: miércoles, 10 junio 2009 18:46

DONOSTIA, 10 Jun. (EUROPA PRESS) -

Donostiako Orfeoia Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatutako bederatzigarren sarirako lan eta hautagaitzak aurkezteko epea zabalik da. Ekimenak helburu bikoitza du: batetik, musika-ikerketa sustatzea, eta bestetik, musikaren munduan nabarmendu diren pertsona eta erakundeen lana jendaurrean onestea, antolatzaileek azaldu dutenez.

Edizio honek hainbat nobedade ditu: musika-ikerketaren saria 4.000 eurokoa izango da, eta, jendaurreko onespena jasotzeko, pertsona eta erakundeek beren ikerketa eta curriculumak Euskal Herriko edozein hizkuntzatan aurkezteko aukera izango dute (euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez). Bi modalitateetako sarietara aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da.

Deialdi honetan, unibertsitate-jarduerako edozein ikuspegi akademikotatik bideratutako ikerlana aurkezten duen edonork parte hartu ahal izango du. Lanak paperean (bi kopia) eta formatu elektronikoan aurkeztu beharko dira, Donostiako Orfeoiaren egoitzan edota EHUko Gipuzkoako campuseko Errektoreordetzan. Lanarekin batera, bi erakunde antolatzaileen web guneetatik jaitsi daitekeen aurkezpen-fitxa aurkeztu beharko da. Aipatutako fitxa erakundeen egoitzetan ere egongo da eskuragarri.

Musikaren munduan egindako lanagatik edo ibilbideagatik pertsona edo erakundeek jendaurreko onespena jasotzeko modalitateari dagokionez, erakunde sustatzaileek Donostiako Orfeoiaren edo EHUren egoitzan aurkeztu beharko dituzte beren curriculumak.