EUSKADI.-Zientzia eta teknologiako ikasketak bultzatzeko estrategiak landu dira "Zientzia eta teknologia hezkuntzan" mintegian

Actualizado: martes, 30 junio 2009 19:12

Atzo egin zen jardunaldia Elhuyar Fundazioak antolatuta, Bilboko Euskalduna Jauregian


BILBO, 30 Jun. (EUROPA PRESS) -

Elhuyar Fundazioak antolatutako "Zientzia eta teknologia hezkuntzan" mintegia egin zen atzo, Bilboko Euskalduna Jauregian. Batxilergotik hasi eta unibertsitate-ikasketak amaitu arte ikasleek jasotzen dituzten zientzia eta teknologiako edukiak zein diren, zer metodoren bidez helarazten zaizkien, eta gero eduki horiek lan eta ikerketa-munduko beharrekin bat egiten duten aztertu eta eztabaidatu zuten hizlariek. Mintegia 9:00etan hasi eta 14:00etan amaitu zen, eta 70 lagun inguru bildu ziren.

Maria Teresa Nuño Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Esperimentalen Didaktikako katedradunaren hitzaldiarekin hasi zen jardunaldia. Bigarren Hezkuntzako zientzia-irakaskuntzari buruz jardun zuen Nuñok. Zientzian alfabetatzearen garrantzia azpimarratu zuen; izan ere, "zientziaren irakaskuntzak zenbait ezagutza soil baino gehiago ematen die". "Zientzia eta teknologiaren ulermena oso erabilgarria da eguneroko esperientziari zentzua eman eta interpretatzeko", adierazi zuen.

Azken batean, Nuñoren arabera, Bigarren Hezkuntzan ez da bilatzen zientzialari izango direnak prestatzea edo trebatzea, baizik eta herritar arrunten jakintza zabaltzea.

Ondoren, Beatrice Boots herbeheretarrak hitz egin zuen. Herbehereetako Beta Techniek plataformako zuzendariordea da Boots. Ikasleak zientziara, teknologiara, ingeniaritzara eta matematikara erakartzeko herrialde hartan egin dituzten saiakeren berri eman zuen.

Hain zuzen, 2004an Herbehereetan abiarazi zuten Delta planaz aritu zen batik bat. Plan horren helburu nagusia zen ikasle gehiago bideratzea zientzia eta teknologiako ikasketetara. Horretarako, Herbehereetan zientzia-ikasketetan ikasle gehien zituzten ikastetxeak aukeratu zituzten lan egiteko, alegia, ikasle-kopuru hori handitzeko.

Bootsek aipatu zuen herrialde batek, ikerketan eta berrikuntzan aurrerakoia izateko, "ezinbestekoa" duela bere ikasleek zientziarekin eta teknologiarekin lotutako ikasketak egitea.

Hurrengo hizlariak, Jon Irazusta EHUko Euskara eta Eleaniztasunaren saileko errektoreordeak unibertsitateko zientzia eta teknologiaren irakaskuntzaz hitz egin zuen, eta iraganeko eta etorkizuneko EHUko irakaskuntza alderatu zituen bere agerraldian.

Irazustak azpimarratu zuen iraganean irakaskuntza masifikatua eta magistrala zela, eta etorkizunean, aldiz, gero eta gehiago gailenduko den irakaskuntzan, ikasle gutxiago egongo direla, ikasleek mintegi eta aurkezpen gehiago egingo dituztela, praktika gehiago egiteko aukera izango dutela eta enpresa-munduarekin harreman handiagoa izango dutela. Irazustak adierazi zuen gaur egun "batetik besterako trantsizio-prozesuan" gaudela.

Ondoren, Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari nagusia "Mendeberri" proiektua azaldu zuen. 2000. urtean Mondragon Unibertsitatean abiarazi zuten hezkuntza-eredua da "Mendeberri proiektua", eta ikasleek ezagutza teknikoaz gainera ezagutza osagarriak eskuratzea du helburu.

Alegia, talde-lana, komunikazioa, arazoak konpontzeko gaitasuna, lidergoa, erabakiak hartzeko gaitasuna, baloreak eta hizkuntzak sustatu nahi ditu. Funtsean, proiektuaren ideia nagusia hau da: "Ez irakatsi, ikas dezaten utzi".

Horretarako, besteak beste, Mondragon Unibertsitatean eskola magistralak gutxitu dituzte, ariketa eta praktika gehiago txertatu dituzte eta talde-lana bultzatu dute. Horiek guztiak hartzen dituzte kontuan ikasleak ebaluatzeko; ez irakasgaiak bere horretan.

ENPRESAREKIN HARREMANA

Tecnaliako merkatu eta teknologi arduradun Miguel Angel Sanzek ere hartu zuen parte mintegian, zientzialariek eta ikertzaileek enpresarekin duten harremana gaitzat harturik. Sanzen ustez, zentro teknologikoentzat "ezinbestekoa" da tituludun berriak kontratatzea.

Horren harira, azpimarratu zuen "berdin" zaiela tituludun horiek zer prestakuntza-maila duten, alegia, kontratatzeko jendea izatea dela zentro teknologikoen premia handiena. Izan ere, zientzia eta teknologiako gaiekin zerikusia duten ikasketak egiten dituztenen kopurua nabarmen jaitsi da azkenaldian, eta egoera horri buelta emateko zenbait jarraibide eman zituen.

Azkenik, Pello Uranga CEITeko Tratamendu Termomekanikoen taldeko ikertzaileak hitz egin zuen, gizarteak ikertzaile izan daitezkeenengan duen eragina gaitzat harturik. Ikertzaile izateak dituen alde onak eta txarrak azaldu zituen, eta, horren harira, agerian utzi zuen gaur egun unibertsitateek duten ikertzaile falta. Ikerketa eta gizartea nolabait hurbiltzeko zer egin genezakeen ere azaldu zuen.

Urangaren ustez, ikerketaren mundua hasiera-hasieratik erakargarri egin behar zaie ikasleei, eta ikerketak lan-aukera serioak eskaintzen dituela iritsarazi behar zaie.

Kultura zientifikoaren Elhuyar Laborategiak antolatzen duen bigarren mintegia izan da atzokoa, eta gizartean kultura zientifikoa sustatzea zuen helburu. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza jaso du Elhuyar Fundazioak mintegi hau antolatzeko.