EUSKADI.-"Zirkuitua" ekimenaren hamargarren edizioa hasiko da gaur Bilbon, arte eszenikoetan bertako taldeen jarduera sustatzeko

Actualizado: miércoles, 17 febrero 2010 11:29

BILBO, 17 Feb. (EUROPA PRESS) -

"Zirkuitua" ekimenaren hamargarren edizioa martxan da Bilbon. Arte eszenikoen alorrean bertako taldeen jarduera bultzatu nahi duen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak urteko lehen faseari ekingo dio gaur, eta martxoaren 25era arte luzatuko da, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Guztira, datozen bi hilabeteetan, zortzi antzezlan aurkeztuko dituzte bertako beste horrenbeste taldek. Emanaldiak Otxarkoagako, Begoñako eta San Frantziskoko udaltegietan, Iturrigorri-Peñaskaleko herri ikastetxean eta Solokoetxeko Institutuko ekitaldi aretoan eskainiko dira. Aurreko edizioetan gertatu den bezala, emanaldiak otsaileko eta martxoko asteazkenetan edo ostegunetan izango dira, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Baliabide Eszenikoen BilbaoEszena Zentroak antolatuta, "Zirkuitua" programak aukera eskaintzen die sortzaile eta antzerki eta dantza talde berriei, euren lanak eszenaratu eta jende aurrean aurkez ditzaten. "Hiriko hainbat barrutitan, Bilbon sortutako azken proposamen freskoenak ikusteko gune ezin hobea da", adierazi dute antolatzaileek.

Ekimenak harrera beroa izan ohi du urtero-urtero jardueran parte hartzen duten ikusleen aldetik. Horrela, azken edizioan, 2.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren Bilboko hainbat barrutitan eskaini ziren emanaldietara.

Programaren hamargarren edizioan eszenatokira igoko diren konpainiei dagokienez, zerrendak honako hauek biltzen ditu: El Beso Teatro eta Burbujas (biak ere bina emanaldirekin), Atakados, Periplo, Totum, Justi Larrinaga, Luna Llena eta Apurka; azken horrek "Han izanik, hona izan" euskarazko muntaia aurkeztuko du.

Hiriko antzerki taldeek idatzitako eta antzeztutako istorioekin batera, programak aukera ematen du, besteak beste, Joseba Sarrionaindiaren ipuinen egokitzapen lanaz edo August Strindberg dramaturgo suediarraren antzerki intimoaz gozatzeko. Emakumeei buruzko istorioak, umorez kontatutako misterioa edo biziari eta heriotzari buruzko gogoetak dira bi hilabete hauetan ikusi ahal izango diren lanen gaietako batzuk.