EUSKADI.-Zumaian (Gipuzkoa) joan den asteburuan atxiloturiko bi gizon kartzelatu dituzte herionarekin trafikatzeagatik

Actualizado: martes, 10 marzo 2009 17:46

DONOSTIA, 10 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek hiru pertsona atxilotu zituzten joan den asteburuan Zumaian (Gipuzkoa), droga trafikoaren delitu bat egotzita. Azpeitiko Argibideetarako 1. Epaitegiak koordinaturiko operazioan auto batean ezkutuan zegoen heroina kilo bat atzeman zen. Atzo epailearen esku egon ostean, hiru atxilotuetako bi espetxeratzeko agindua eman zuten, eta beste atxilotuari fidantzapeko askatasuna eman zioten, Herrizaingo Sailak gaur jakinarazi duenez.

Atxiloketak Zarauzko Ertzainetxeak droga trafikoaren inguruan Zumaian egindako ikerketen emaitza dira. Dirudienez, kostaldeko herri honetan pertsona bat edo gehiago heroina saltzen aritzen zen. Polizi ikerketen arabera, ustezko trafikatzaileetako batek luxuzko auto bat zuen, eta Madrilera bidaiak egiten zituen gai sorgorgarriak hartu eta ondoren Zumaian banatzeko. Horri esker, susmagarri nagusiarekin batera beste pertsona batzuk ere drogarekin trafikatzen zutela jakin zuen Ertzaintzak.

Pasa den larunbatean, susmagarriek heroina kantitate garrantzitsu bat garraiatu zezaketela jakin zuenean, Ertzaintzak dispositibo bat abiatu zuen eta 32 eta 40 urteko bi gizonezko atzeman zituen. Agenteek auto bat geldiarazi eta honen miaketan heroina kilo bat aurkitu zuten. Droga zelofanarekin bilduta eta bi paketetan banatuta zegoen, guantera azpian, plastikozko karkasa bat altxatuz irekitzen zen ezkutaleku txiki batean.

Hurrengo egunean, igandean, 43 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten, ustez droga trafikoaren delitu berean parte hartu izana egotzita. Ondoren, beharrezko baimenak izan ostean, agenteek bi etxebizitza miatu eta doitasunezko balantza bat, haxixa eta marihuana-kukuluak aurkitu zituzten.

Atzo, atxilotuak Azpeitiko Epaitegiaren eskura pasa ziren, lehendabizi atxilotu zituzten bien espetxeratzea aginduz; bestea fidantzapeko askatasunean geratu zen.