Euskadik Europako kanpoko kultur politikan duen protagonismoa aldarrikatu du Jaurlaritzak Bruselan

Zupiria Bruselan
IREKIA
Actualizado: lunes, 22 mayo 2017 16:05

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nazionalitateek eta eskualdeek Europako kanpoko kultur politikan duten zereginari buruz hitz egin du astelehen honetan Bruselan antolatutako foro batean, eta Euskadik esparru horretan duen protagonismoa aldarrikatu du.

Ekitaldia Europar Batasuneko Eskualdeen Batzordearen egoitzan izan da, eta Europar Batasuneko Kultura Ministroen Kontseiluak asteartean egingo duen bileraren harira antolatu da. Bilera horretan kanpoko kultur kooperazioari loturiko Europako estrategia berria onartuko da eta "eskualdeen parte hartzea" aitortuko du.

Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak koordinatu dute foroa, Emilia-Romagnako eta Friuli Venezia Giuliako gobernuekin batera, guztion ardurapean dagoen Regional Initiative for Culture and Creativity/RICC sare europarraren baitan. Foroaren xedea da Europako eskualdeen zeregina indartzea kultur diplomaziaren arloan Europak onartuko duen estrategia berriaren aurrean, bai eta testu komun bat aurkeztea Ministroen Kontseiluak asteartean onartuko duen erabakiaren aurrean.

Zupiriarekin batera, Jaurlaritza ordezkatuz, Euskadiren Europar Batasuneko ordezkari Marta Marin eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Miren Arzalluz egon dira. Forora kultur politikaren eta Europako eta nazioarteko kanpo ekintzaren arloetako 150 ordezkari baino gehiago bertaratu dira, bai eta Europako eta nazioarteko erakundeetako ordezkariak ere.

Horrela, kulturaren eta kultur diplomaziaren arlorako Europar Batasunaren estrategia berriak "eskualde europarren" parte hartzea erraztuko du eta, horrenbestez, Euskadi bezalako lurraldeek kulturaren arloko proiektu ezberdinetan parte hartzeko aukera izango dute.

Bere hitzaldian, Jaurlaritzak bide horretan sakontzeko duen interesa azpimarratu du Zupiriak, eta Jaurlaritzaren eta Euskadik gidatzen dituen mugaz gaindiko kultur izaerako proiektu ezberdinetako kanpo ekintzarako zenbait erreminta balioetsi ditu (ordezkaritzak, Etxepare Euskal Institutua, lankidetza hitzarmenak). "Aukeraz beteriko bide bat da eta Euskadik, ikuspegi erabat europazale batetik, bide berri horretan egon nahi du, beti ere beste nazionalitate, komunitate edo eskualde batzuen eskutik", azaldu du.

"FUNTSEZKO ZEREGINA"

Zupiriak azpimarratu du Euskadik "funtsezko zeregina" daukala Europako nazionalitate eta eskualdeek kanpo kultur lankidetzako estrategian izango duten posizioari dagokionean, eta prozesu horretan liderra da Europa mailan. Etxepare Institutuak eta Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiak Europako erakundeen aurrean elkarrekin egin duten lana "funtsezkoa izan da azken urteotan konkistaturiko zenbait lorpen lortu ahal izateko".

Zupiriak nabarmendu duenez, estrategia berriak dio "aniztasun kulturalak" Europar Batasuneko lehentasunetako bat izan behar duela eta balio horretan nazionalitate, komunitate eta eskualdeek duten zeregina aldarrikatu du. "Europar Batasuneko goiburuak berak aniztasuna bere altxor handienetako bat dela adierazten du, eta honela gogoratu zigun Jean Monetek. Nazionalitate, komunitate eta eskualdeak ez gara arazo bat Europar Batasunarentzat, aliatu bat baizik kanpo kultur ekintzaren funtsezko osagaitzat eta lurraldeen arteko zubiak eraikitzeko osagaitzat hartzen duen estrategia horretan", esan du.

Era berean, euskal gizartean kulturak aurrera egiteko elementu bezala izan duen eraginaz hitz egin du. "Orain dela gutxira arte, askotan, pairatzen genuen gatazka bortitzagatik ezaguna zen Euskadi gure mugez haraindi. Gaur, kulturan interesa duen herrialde gisa ikusten gaituztela esan genezake. Euskal erakundeek sustatu duten Guggenheim Bilbao proiektuak ekarpen izugarria egin dio hautemate aldaketa horri, baita Donostia 2016 Kultura Hiriburutzak edota Santa Maria Katedralaren berreskuratzeak ere. Jakin badakigu, kultura aurrera egiteko gakoa izan daitekeela", azaldu du.

Zentzu horretan, Euskadik kulturaren arloan edo Kultura eta Sormen Industriei dagokienean mugaz gaindiko proiektuak sustatzeko izan duen zeregina ere aldarrikatu du. Honela, azpimarratu du Euskadi aitzindari izan dela Europar Batasuneko estatu kideetako kultur institutuak biltzen dituen EUNIC sareko kide elkartu gisa kokatu baitu Etxepare Euskal Institutua. Euskadi RICC (Regional Initiative for Culture and Creativity) sareko presidentekide dela ere nabarmendu du, bai eta Europako Batzordeak diruz lagundu eta estatu bat eta bost eskualde barne hartzen dituen Creadis 3 proiektuko buru dela ere.