BILBO 17 May. (EUROPA PRESS) -
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 15 urte edo gehiagoko interneten erabiltzaileak 1.242.200 ziren 2013. urteko lehen hiruhilekoan, hau da, adin horretakoen %65,8, aurreko urteko aldi berean baino %8,2 gehiago, Eustaten datuen arabera.
Lurraldeka, Araban eta Bizkaian hazi da gehien portzentajea, %9,7 aurreko urtearen aldean. Arabak du erabiltzaile-ehunekorik handiena, biztanleen %68,2rekin; Bizkaian 15 urte eta gehiagokoen %65,2 dira interneten erabiltzaile, eta, nabarmen hazi arren, hirugarren segitzen du; Gipuzkoan %65,7 dira, hau da, %5 gehiago.
Halaber, 15 eta 24 urte bitarteko gazte ia guztiak (%98,6) interneten erabiltzaile dira. 55 eta 64 urte bitartekoen erabiltzaileen hazkundea nabarmentzekoa izan da, %13,5 igo baita, eta 45 eta 54 urte bitartekoena ere antzekoa izan da: %13,3. Adin-tarte gazteagokoen artean ere hazkunde garbiak izan dira aurreko urtearen aldean.
Bestalde, generoen arteko aldea %7,9 zen 2012an, eta 2013ko aurreneko hiruhilekoan %9,7ra handitu da. 15 urte eta gehiagoko biztanleei dagokienez, interneteko erabiltzaileak gizonezkoen %70,8 eta emakumezkoen %61,1 dira. Aurtengo interneteko erabiltzaile guztien artean, %52,2 gizonak eta %47,8 emakumeak dira.
Jardueraren arabera, ikasleen arteko %98,4k erabiltzen du internet, pertsona okupatuen artean %85,7k, eta ez-aktiboen eta langabeen artean %38,0k. 2012ren aldean, hazkunderik handiena (%9,3) ez-aktibo eta langabeen artean izan da; okupatuen artean %7,7 hazi da, eta ikasleen artean %0,5.
Internetera sartzeko toki gogokoena oraindik ere norberaren etxea da, %91,6k sartzen baita horrela, aurreko urtearen aldean puntu bat gutxiago izan arren. Internetera bestelako tokietatik -ziberkafe, hotel, aisia-lekuetatik- sartzen direnen kopurua %10,9 hazi da, eta ikastetxetik eta lantokitik eginiko konexioak azken urtean bezalaxe daude.
Halaber, 2013. urteko lehen hiruhilekoan konexioaren batez besteko iraupena 56,3 minutu izan zen, hau da, aurreko urtean baino 10 minutu gehiago. Internet bidez erosi dutenen kopuruak %6,9 igoera izan du 2013an, aurreko urtearen aldean, eta lehen hiruhilekoan internet erabiltzaileen %38,9k erosi du sarearen bidez, 2012an %32,0k egin zuen bitartean.
IKT EKIPAMENDUAK
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien (IKT) ekipamenduek hedatuz jarraitzen dute Euskadiko familia-etxeetan. Horrela, 2013ko lehen hiruhilekoan, EAEko familia-etxeen %66,9k ordenagailua zuen, hau da, 2012ko lehen hiruhilekoan baino %3,7 gehiagok. Etxean ordenagailua duten 15 urte eta gehiagokoak %75,6 dira.
Interneterako sarbideari dagokionez 545.000 familia pasatxo dira (%62,9) etxean zerbitzu hori dutenak, alegia, 2012ko lehen hiruhilekoaren aldean 44.900 familia berri (%4,5). Sarera sarbidea duen 15 urte baino gehiagoko biztanleria 86.200 pertsonatan (%4,6) hazi da 2012ko lehen hiruhilekotik, %71,5 izanik.
Azkenik, familia-etxeetako %92,4an sakeleko telefonoren bat dago, eta 15 urte eta gehiagoko biztanleak kontuan hartuta, sakelekoa dutenen portzentajea %95,6ra heltzen da, 11.400 pertsona gehiago izanik.