Euskadiko 80 bat enpresak aukera izango dute AEBetako eta Puerto Ricoko negozio aukerak ezagutzeko

Actualizado: miércoles, 20 febrero 2013 11:57

BILBO, 20 Feb. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak jardunaldi bat antolatuko du otsailaren 27an Bilbon, SPRI garapen agentziaren bidez, euskal enpresei azaltzeko zeintzuk diren AEBetako Pennsylvania eta Florida estatuetan eta Puerto Ricon dauden negozio aukerak. Juan Ignacio Garcia de Motiloa Industria eta Energia sailburuordea buru izango duen ekitaldian, AEBetan interesaturik dauden 80 bat euskal enpresa elkartuko dira. 310 milioi laguneko merkatuarekin, AEB munduko industria-ekoizle eta kontsumitzaile handiena da.

Jaurlaritzako iturrien arabera, Amerikako Estatu Batuek industria sektore indartsua dute, era guztietako ekipo ondasunak eta osagaiak behar dituena. AEB Euskadiko hirugarren bazkide komertziala da, bai eta euskal enpresen bigarren inbertsio jomuga ere. Euskadik iaz 1.308 milioi eurotik gorako esportazioak erregistratu zituen.

Jardunaldi hau Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak aurreratutako politikaren froga bat baino ez da. Tapiak Legebiltzarrean duela egun batzuk esan zuenez, "hauexek izango dira nazioartekotze politika berriaren ardatzak: segmentazioa, sistemako beste agente batzuen arteko lankidetza mekanismoak bilatzea enpresen premiei hobeto erantzuteko eta Jaurlaritzaren ekintza enpresentzat potentzial handia duten herrialde eta eskualde kopuru mugatu batean zentratzea".

ROBERT JONES

Jardunaldian Robert Jones AEBetako aholkulari komertzial eta Espainiarekiko harreman komertzialen eta inbertsioen arloko AEBetako agintari gorenak parte hartuko du, eta Pennsylvania, Florida eta Puerto Ricori buruz hitz egingo du. Floridak 18 milioitik gora biztanle ditu, eta aukera egokiena da, AEBetako merkatuan ez ezik, Latinoamerikako merkatuetan ere sartu nahi duten enpresentzat.

Pennsylvaniak AEBetako biztanleen %40 hartzen du eta BPG osoaren %45 inguru, eta horrela, estatu erakargarrienetako bat da atzerriko inbertsiogileentzat. Halaber, Puerto Ricok zerga salbuespen ugari aplikatzen ditu eta laguntzak eskaintzen ditu I+G-rako; gainera, negozio aukerak ditu sektore farmazeutikoan, bioteknologian, ingeniaritzan eta aeronautikan. Jardunaldian bisatuen arazoa jorratuko da eta Pennsylvanian eta Floridan kokatutako euskal konpainien enpresa-esperientziak azalduko dira.

AEBetara egiten diren esportazioen erdia erregai mineralak dira, zehazki, petrolio birfindua. Horrez gain, aipagarriak dira ere galdaketako produktuak, ekipo ondasunak, aeronautikako osagaiak, automozioko osagaiak, makinaria elektrikoa, burdinbideetako materiala eta edariak.

Une honetan 50 euskal enpresa daude AEBetan filialak dituztenak, eta horietatik 24k produkzio fabrikak dituzte batez ere sektore hauetan: energia, automozioa, burdinbideetako ekipoak, bioteknologia, telekomunikazioak eta informatika, ingeniaritza edo tutuak. Bestalde, AEBetako enpresen 80 bat filial daude Euskadin.